Ondarroa eta Lekeitio arteko kostaldeko errepidean zuhaitzen adarrak mozten ari dira
Hain zuzen ere, BI-3438 errepidean zuhaitzen adarrak mozten ari dira Bizkaiko Foru Aldundiko Basalaneko beharginak. “Errepidera irtetzen duten adar zatiak mozten ari gara, bertotik pasatzen diren oinezkoen eta ibilgailuen ziurtasunerako. Neguko eguraldiekin arriskutsua suertatzen dira adar luze hauek”, nabarmendu du inguruetan beharrean ari den langileetako batek.
Egun batzuk daramatzate lanak egiten, eta kamioiak lanean dabiltzan bitartean, bide zati bat itxita dago. Errepide zati horretan kontuz gidatzea gomendatzen da. Izan ere, errepideko izkina askotan adar zatiak daude. Momentu honetan, Atxazpi eta Galtzuaran inguruetan ari dira adarrak mozten, baina datorren asteko egunetan, Berriatua eta Mendexako lurretan ere ariko dira lanean beharginak.