Talde ezberdinetan aritu eta gero, bakarkako bidean bere sentimenduak eta gustuak ezagutara eman dituela dio Tania de Sousak (Zestoa, 1987). Estilo ezberdinetako abestiak bilduta, Tania Tank diskoagaz gustura geratu dela dio. Bihar Ondarroako Beikozinin egongo da, 23:00etan.
Tania de Sousa (Argazkia: Oier Aso)
Zuloak proiektuarekin ezagutzera eman zinen. Bakarkako bidean lehengo proiektu hartan erakutsitako ausardia bera mantentzen duzu? Bakoitzak nahi duen moduan deituko dio baina proiektu berria da hau, soinu desberdinekin osatutako proiektua. Nahikoa anitza da; ez gara estilo bakar batera mugatu. Abesti bakoitza ezberdina da: batzuk punk-rock estilokoak dira, baladak ere badaude, beste batzuk dantza egitekoak dira… Denetarik dago eta horrekin arriskatu egiten da bat. Izan ere, ez dakizu zelan erantzungo duen publikoak. Oro har, soinu elektronikoak jarri ditugu diskoan. Euskaraz horrelakorik ez dago, behintzat guk ez dugu entzun.
Beraz publiko zabala hartzeko lana da Tania Tank. Zelan ikusi duzu zure burua bakarkako bide horretan?
Ba nahiko ondo. Egia esan bakarkako bidean ardura gehiago hartzen da. Taldekako proiektu baten denen artean aurre egiten zaie zailtasunei. Orain ni bakarrik nago eta zer edo zer dagoenean, aurpegia eman behar da. Dena den, oso gustura nago. Egia esan, egiten dudanarekin %100 gustura sentitzen naizen lehen aldia da.
Egindakoagaz arro sentitzen zara beraz.
Abestiekin gustura geratu naiz, bai. Beti gelditzen da zer edo zer ezberdina egiteko gogoa; produkzioan, esaterako, gauza desberdinak egingo nituzke baina orokorrean gustura geratu naiz.
Zer da lan berriarekin erakutsi nahi izan duzuna?
Nire nortasuna erakutsi nahi izan dudala esan ahal da. Betidanik gustatu izan zaidan musika islatzen saiatu naiz. Taldeetan aritu izan naizenean ezin izan ditut nire gustuak, zaletasunak, sentimenduak… islatu. Oraingoan, ordea, bai.
Eta hasiera baten, publikoak zer nolako harrera egin dizu?
Oraindik goiz da baina nik uste jendeak ikuskizuna ikusten duenean arritu egiten dela. Orokorrean nik gustura ikusi dut jendea.
Bihar Beikozinin eskainiko duzu emanaldia. Kontzertua bizia izango da?
Bai. Diskoan nabaritzen ez den indarra zuzenekoetan nabaritzen da. Diskoan politago entzuten da dena, melodikoago. Zuzenean ostera, taldeak indar gehiago dauka; jendea ez da aspertuko.
Lan berri hau egiteko besteren baten laguntzarik eduki duzu?
Tania de Sousaren taldea.
Disko hau ere Fermin Muguruzak ekoiztu du eta nire musikarien laguntza ere hor egon da. Horrez gain, beste musikari batzuen kolaborazioak ere sartu ditugu: Maite Mursego (Mursego), Mikel Azpiroz, Fermin Muguruzaren haize sekzioa, Koldo Soret (NiƱa Coyote eta Chico Tornado) Xabier Solano (Esne Beltza).
Kolaborazio guztiekin gustura geratu zara?
Bai. Diskoari sekulako kolorea eman diote eta horrelako kolaborazioak edukitzea lujo bat izan da.
Biharko kontzertura joateko zelan gonbidatuko zenituzke herritarrak?
Guztiei ikuskizuna ez galtzeko esango nieke. Zuzeneko kuriosoa daukagu eta harritu egingo direla uste dut; zerbait freskoa eskaintzen dugu. Horrez gain, auskalo noiz etorriko naizen bueltan, beraz, animatu daitezela eta etorri!