XVIII. Desanexio Txapelketa finalak “estuak” izan direla azaldu du Roberto Lekue Berriatuko zesta-punta eskolako arduradunak. “Maila guztietan partiduak oso-oso interesgarriak izan dira; estuak eta emozioz betetako partiduak izan dira finalak”. Elite mailan, Antxon-Felix bikotea nagusitu zen, 30-28 emaitzagaz. “Estu joan zen partidua, eta ikusleek ere ondo baino hobeto pasatu zuten”.
XVIII. Desanexio Txapelketako finaletako parte hartzaileak.
Domekan 17:00etan hasi ziren zesta-puntako XVIII. Desanexio Txapelketako finalak Berriatuko Mendibarren frontoian. “21:20 inguru bukatu ziren partidu guztiak; zesta-puntako maratoi ederra izan genuen”, gaineratu du Lekuek.
Kadete mailan Goitia IIIa eta Lekoixe Urko eta Urrutxuaren aurka aritu ziren. 24-25 emaitzagaz, Urko-Urrutxua bikotea izan zen nagusi.
Gazteetan Goixerri eta Segurola nagusitu ziren, Mandiolak eta Jonek osatutako bikoteari 30-29 irabazi eta gero.
22 urte azpikoetan, aldiz, Roke-Txomin eta Gaizka-Ibarluzea nor baino nor zestalari hobea izan aritu eta gero, Gaizkak eta Ibarluzeak irabazi zuten partidua (28-30).
Orokorrean, frontoian “giro paregabea” egon zela nabarmendu du Lekuek. “Lau partiduak oso onak izan ziren, ederrak, eta ikuslegoak ere ondo gozatu ahal izan zuen”. IV. Luis Bilbao memoriala (XVIII. Desanexio Txapelketa) zelan joan den ikusita, zestalariekin arro dagoela gailendu du Lekuek.
Behin Desanexio Txapelketa amaituta, orain Bizkaiko Txapelketara begira daudela gaineratu du Lekuek. “Sasoi honetan txapelketa guztiak batera gertatzen dira eta orain Bizkaikoagaz jarraituko dugu. Atzetik etorriko da Gabonetako Txapelketa ere”.