Atzo [azaroak 24] ipini zen martxan udaletxeko lehen solairuan botoa emateko aukera. Udal arduradunek “jende nahikoa” pasa zela adierazi dute, eta gaur ere [azaroak 25], idazkaritzako hauteslekuak 10:00etan ireki orduko, ilara txikiak sortu dira idazkaritza aurreko atean. Herritarrak zain zeuden botoa eskuetan zutela.
Hilaren 28ra arte, botoa emateko aukera egongo da 10:00etatik 15:00etara. Horrez gain, udal ordezkariek nabarmendu dutenez, eguenean [azaroak 27] arratsaldean ere botoa emateko aukera egongo da, 16:00etatik 18:00etara.
Bestalde, urritasun fisiko batengatik etxetik mugitu ezin dutenek ere bozka emateko aukera edukiko dutela aurreratu dute. “Egoera horretan daudenek, udaletxera deitu beharko dute eta bozka eman nahi duen herritarraren datuak eman beharko dituzte (izena, bi abizenak, helbidea eta kontakturako telefono zenbakia). Aukera hori erabiltzeko, eguaztena baino lehen egin beharko dute eskaera (15:00ak orduko)”.
Azaroaren 30a izango da herri galdeketaren azken eguna. Egun horretan, Zabielen eman ahalko dute bozka herritarrek. Hautestontziak 09:00etatik 20:00etara egongo dira zabalik.