Hasi da Euskal Zinearen hitzordua Lekeition
Aurten euskaraz filmatu denaren errepasoa egiteko aukera ederra dago Lekeition egunotan. Gaur 19:30ean hasiko da Euskal Zine Bilerara aurkeztutako lanen emanaldia. Hamabi film emango dituzte, Ikusgarrin. Danetara, zapatura arte, 48 lan ikusteko aukera edukiko dute zinemazaleek.
Gaurko filmak:
- Diaspora Berria: Kebeken. Egilea: Audrey Hoc. Ezaugarriak: Profesionala, 18’. Herria: Donibane Lohitzun. Sinopsia: Eusko Ikaskuntzak abiatu duen Eusko diaspora proiektuaren barne lekukotasun bilketa baten eramailea da Audrey Hoc. 23 Urte Ametsetan. Egilea: Mirian Gulon. Ezaugarriak: Gazte 22, 2’25’’. Herria: Portugalete. Sinopsia: Gizakiok milaka urtetan hegan egiteko ametsa izan dugu.
- Petti. Egilea: Xabier Agirre. Ezaugarriak: Profesionala, 19’39’’. Herria: Durango. Petti kantautoreari buruzko dokumentala.
- Kerobia: Zure Pangearen Hitzaldi Kartografikoa. Egilea: Maider Lizeaga. Ezaugarriak: Gazte 22, 2’58’’. Herria: Donostia. Sinopsia: Non dago gure pangea? Kerobiak du erantzuna.
- Ekau Pipie Xixilintzako. Egilea: Markel Goikoetxea. Ezaugarriak: Amateurra, 14’17’’. Herria: Bermeo. Sinopsia: Xixili, urre koloreko iledun neskatila bermeotarra, baserrietatik esne eske ibiltzen zan.
- Hubert Le Blonen Azken Hegaldia. Egilea: Koldo Almandoz. Ezaugarriak: Profesionala, 9’50’’. Herria: Donostia. Sinopsia: Motorraren aintzindari baten historia.
- Euskararen Herria. Egilea: EHE Lekeitio. Ezaugarriak: Amateurra, 2’18’’. Herria: Lekeitio. Sinopsia: Euskal Herrian euskaraz bizi nahi arren, egunerokoan erdarek leku handia dute.
- Maiatzak 1a. Juan Bidegain. Ezaugarriak: Amateurra, 9’. Herria: Ondarroa. Sinopsia: Maiatzak 1a, langilearen eguna? ikuslearen eguna?
- Positibatzea. Egilea: Itsaso Etxebarria. Ezaugarriak: Gazte 22, 13’25’’. Herria: Areatza. Sinopsia: Michelle musika irakasle ohia da. Gizon honek zailtasunak dauzka errealitatea eta erreala ez dena desberdintzeko.
- Betiko. Egilea: Arantza Ibarra. Ezaugarriak: Profesionala, 5’35’’. Herria: Gernika-Lumo. Sinopsia: Ana mundu errealetik baztertu egiten da. Inork ezin du jakin non dagoen, tristurak bai ordea, berarekin batera jarraitzen duelako.
- Gardena. Egilea: Sinead Meagher. Ezaugarriak: Gazte 22, 5’17’’. Herria: Markina-Xemein. Sinopsia: Behin hilda bizitza berdin berdina aurrera doala ikusten duen gazte baten bizitza.
- Bidean. Egilea: Miren Pastor. Ezaugarriak: Amateurra, 4’22’’. Herria: Iruñea. Sinopsia: Larba egoeratik forma heldura eramango duen eraldaketa bortitza jasateko prest dago beldarra.
- M, Mendeku Istorio Bat. Egilea: Andrea Lopetegi. Ezaugarriak: Amateurra, 18’58’’. Herria: Donostia. Sinopsia: Saioak bere iraganean bizitako egoera traumatiko bat gogoratuko du afari batean.
Txikiek ere izango dute txokoa Euskal Zine Bileran. Gaur eta eguenean, herriko ikastetxeetako ikasleentzat zine emanaldiak egongo dira, haur eta gazteen zinezaletasuna suspertzeko asmoz. Gaur, LH1, LH2 eta LH3ko ikasleek, Maite Ruiz de Astiren Midas Erregearen Altxorra ikusi ahal izan dute. Ostegunean berriz Gartxot filma ikusiko dute LH4-LH5 eta LH6 ko ikasleek.
Hasiera ekitaldia
Domekan eman zioten hasiera 37. Euskal Zine Bilerari. Hasiera ekitaldiak kabaret bihurtu zuen Lekeitioko zine aretoa. Miren Gojenola, Miren Gaztañaga eta Gabriel Ocinak emozioz betetako ekitaldia gidatu zuten. Bertan izan ziren iazko aurkezleak ere, ganbaratik begira. Lehiatuko diren filmen erakusketa egin eta epaimahakideen aurkezpena egin zuten.
Jon Garaño, Itziar Ituño eta Nagore Aranburu ere egon ziren hasiera ekitaldian Loreak filma aurkezten. Ondoren, beraiekin solasaldian aritu ziren.
