Olazar kultur elkarteko gazteenek jaira joateko gonbidapena luzatu diete herritarrei
Ohitura zaharrei eutsiz, Santa Katalina eguna herri bazkari eta guzti ospatuko dute Gizaburuagan. Aspaldi batean jaia asteburuan ospatzen hasiak dira. Herritar gehienak batzen ditu Olazar kultur elkarteak antolatutako jai xume bezain dibertigarriak.
Urtero bezala, mezagaz hasiko dituzte ospakizunak. Eguerdian, ostera, frontoian egingo den barraskilo lasterketan parte hartuko dute herriko gaztetxoek. Lasterketak bazkal aurreko giro polita ipintzen duela nabarmendu dute Olazar kultur elkarteko kideek, “xelebrea” dela diote. Aurretik batutako barraskilorik arinenak irabazten du lehiaketa. “Parte hartzen duten guztiei opariak banatzen dizkiegu. Horrez gain, irabazleak sari berezia lortzen du”. Barraskiloak ibilbidean zehar atzera eta aurrera ikustea “zeharo barregarria eta xelebrea” dela gaineratu dute antolatzaileek.
Barraskilo lasterketan barre algara batzuk bota eta gero, herri bazkarian batuko dira bateko eta besteko herritarrak. Lehenengo, haurren txanda izango da, eta gero, nagusiena. Haurrek bazkaldu eta gero, ludotekara “lasai” joateko aukera izango dute, 19:00ak arte. Bazkalostean, nagusiek ere entretenitzeko aukera izango dute. Iaz, esate baterako, bingoan jolasten ibili ziren.
EGITARAUA
- 11:00: Meza.
- 12:00: VIII. Barraskilo lasterketa.
- 14:00: haurren herri bazkariaren txanda, herriko tabernan.
- 15:00: helduen herri bazkariaren txanda, herriko tabernan.
- 15:00-19:00: umeentzako ludoteka.