Gidabaimena euskaraz ateratzeko laguntzak abenduaren 11ra arte eska daitezke
Aurten ere, gidabaimena euskaraz prestatu eta azterketa egin duten bermeotarrek Bermeoko Udalak horretarako ematen dituen diru laguntzak eska ditzakete. Eskaeretako azken eguna abenduaren 11 izango da.Bermeoko Udaleko Euskara Sailean adierazi dutenez, ...
Bermeoko Udaleko Euskara Sailean adierazi dutenez, diru laguntzak eskatzen dituztenek zenbait baldintza bete beharko dituzte: Bermeon erroldatuta egotea, gidabaimenaren prestakuntza euskaraz egitea, B mailako gidabaimenaren azterketa teorikoa euskaraz eginda edukitzea eskaerak aurkezteko epea amaitu baino lehen eta udalarekin zorrik ez izatea.
75 euroko laguntza
Aurrekoetan modura, eskariak Berh@z bukegoan aurkeztu beharko dira abenduaren 11 baino lehen. Eskatzaileek, hain zuzen ere, eskaera orria, NAN-aren fotokopia eta kontu korrontearen zenbakia aurkeztu beharko dituzte. Horrez gain, prestakuntza euskaraz jaso izanaren eta gainditutako azterketa teorikoa euskaraz egin duela ziurtatzen duen agiria ere eraman beharko dute. Baldintza guztiak betetzen dituzten eskatzaileek, aurten, 75 euroko laguntza jasoko dute.
Diru laguntza horiekin Bermeoko Udalak gazteak animatu nahi ditu gidabaimena prestatzeko orduan euskara erabili dezaten. «Batez ere, gazteek izaten dute horretarako interesa eta gazte gehienak euskaraz alfabetatuta daude», adierazi dute Udalean.
Bermeon ere bai
Hala, Euskara Saileko arduradunek Bermeoko autoeskoletan gidabaimena euskaraz prestatu daitekeela gogorarazi nahi izan dute. «Azterketa teorikoa prestatzeko liburua eta testak egiteko informatikako programa euskaraz daude», gogoratu dute.