Azkenean ere hainbesteko lanaren emaitzak argia ikusi du. Berritxuarrak, argazkiak berbetan: 1887-1960 liburua kalean dago. Imanol Mugartegi Berriatuko alkateak eta Saioa Lopez zinegotziak aurkeztu dute liburua, Zentrala kultur guneko bideo gelan. Herritarrez betetako aretoan, Mugartegik proiektua zelan jaio zen azaldu du. “Itziar Aramaiok liburu bat osotzeko asmoa erakutsi zuen, eta liburu hura egiterakoan argazki asko eta asko zeudela konturatu ziren. Argazki horiekin zer egin pentsatzen hasita, liburu hau egitearen ideia sortu zen”.
Berriatuko argazki zaharren liburuaren aurkezpena
Herritarrekin egindako lehenego batzarra 2012ko irailean izan zen. Eta ordutik, batzarrez batzar, herritarrak argazki zaharrak aurkezten, arduradunak horiek guztiak digitalizatzen eta liburua izango zena nola antolatuko zen erabakitzen hasi ziren berriatuarrak. “Erabaki guzti-guztiak batzarretan erabaki dira, hasi izenburutik eta azken xehetasunetaraino”, gaineratu du Lopezek.
Herritarrek 500 argazki baino gehiago aurkeztu dituztela ere azaldu du Lopezek. “Guztiak ezin ziren liburuan sartu eta ondorioz aukeraketa bat egin behar izan dugu; gure –batzarretan parte hartu dutenen– ustez balio historiko handiak zituztenak hartu ditugu, gainerakoak gutxietsi gabe”.
Proiektuaren nondik norakoak azaltzeaz gain, argazki bildumaren aurrerapen bat ere ikusi ahal izan dute herritarrek, bideoan. Eta bideoa hasiaz batera, argazki zaharrak ikusteaz batera, herritarrak emozioz hasi dira elkarri berbetan.
Behin hori eginda, batzar guztietan egon diren eta erabakiak hartu dituzten herritarrei guztien izenean eskerrak eman nahi izan dizkiete Lopezek eta Mugartegik.
Liburuaren 200 ale argitaratu dituzte, eta herritarrek 10 eurotan eskuratu ahalko dute. “Liburuak gehiago balio izan badu ere, doan ematekoa ere ez da; ordaindutakoari beti ematen zaio balioa eta”, esan zuen Mugartegik.
Aurkezpena amaituta, herritar guztiak liburua jasotzeko izena ematen hasi dira (arazo batzuk tarteko, argitaratutako ale guztiak oraindik heltzeke zeuden). Eta nola ez, adibide gisa ikusgai zeuden liburuak kuxkuxeatzen ere hasi dira.
Beste behin ere berriatuarrek herritik herriarentzat proiektuak egiten abilak direla erakutsi dute. Eta borondate horri esker, orain, herriak beste ondare bat dauka: Berritxuarrak, argazkiak berbetan: 1887-1960 liburua.
ARGAZKI GALERIA [nggallery ID=181]
Lea-Artibai eta Mutrikuko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa dugu. Egin zaitez HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.