Berriatuko sendotuta atera da zelaira
Goiko postuetan borrokatzeko asmoagaz hasi du Berriatukoko nagusien taldeak liga, eta lehenengo postuetan egoteko ahalegina egingo dute; gazteen helburu nagusia jokoaz gozatzea eta formatzea da.Gazteen talde bat eta nagusien taldea ditu aurten jokoan B...
Goiko postuetan borrokatzeko asmoagaz hasi du Berriatukoko nagusien taldeak liga, eta lehenengo postuetan egoteko ahalegina egingo dute; gazteen helburu nagusia jokoaz gozatzea eta formatzea da.
Gazteen talde bat eta nagusien taldea ditu aurten jokoan Berriatukok. Gazteena Bigarren Mailan eta nagusiena Lurraldeko Lehenengo Mailan.Gazteen entrenatzaileak bi dira: Mikel Zarraga eta Mikel Etxaburu. Nagusien taldeagaz, berriz, Mikel Badiola, Iker Santos, Iñaki Azpiri eta Asier Akarregi arduratuko dira.
Danetara 42 jokalari aterako dira zelaira, 22 lehenengo taldekoak eta 20 gazte mailakoak.
Gazteen helburu nagusia jokoagaz gozatzea izango da batez ere, bai eta nagusien talderako aurrerapausoa emateko formatzea. Berriatuko entrenatzaileek jakitera eman dutenez, gazteek badaramatzate jada urte batzuk taldean, eta aurten oso ondo hasi dute denboraldia. Lehenengo sei jardunaldietan 11 puntu lortu dituzte Berriatuko gazteek eta laugarren doaz sailkapenean.
Durangoko Ezkurdi taldearen aurka jokatu zuten joan den asteburuan, bisitari legez. Durangarrek talde lehiakorra daukatela erakutsi zuten, eta 7-2ko emaitzagaz, hiru puntu garrantzitsu lortzeko aukera galdu zuten berriatuarrek.
Urtero modura, nagusien taldeak lasai lan egiteko asmoa dauka. Igotzeko ilusioa beti bizirik daukatela aitortu dute, edo, behintzat, goiko postuetan borrokatzeko asmoa, eta sailkapenaren aurreneko postuetan egoteko ahalegina egingo dute. Hala ere, taldearen partetik igotzeko presiorik ez dutela nabarmendu dute nagusien entrenatzaileek.
Nagusien taldeak talde sendoa osatzen du. Gehienak aurreko urteetako jokalariak dira, eta nahiz eta gazteak izan, esperientzia badaukate. Burgain, Pistoli, Gorostola eta Sevilla dira kapitainak.
«Jokalari batzuk taldea utzi badute ere, jokalari berriak etorri dira ilusioz taldera», azaldu dute nagusien entrenatzaileek. Issa iaz Berriz taldean aritutakoa, Ibai Aurrera taldetik etorri dena, Zeleta berriatuarra eta Ekaitz eta Aner ondarrutarrek sendotu dute taldea. Gainera, taldea beste fitxaketa baten zain dago; iaztik min hartuta dagoen Burgain jokalaria bueltatzeko irrikaz.
Liga hasiera ez zen izan Berriatuko nagusiek espero bezain ona. Hala eta ere, gorantz doaz apurka-apurka, eta zenbait partidu jarraian irabazi dute. «Beti daude hobetu beharreko gauzak», esan dute. Taldeak azkenaldiko gorakada mantenduz gero, puntuak etorriko dira.
Aurtengo lehenengo derbia ere 2 eta 1 irabazi zioten Artibairi, partidu gogor baten ostean. «Alperrik da bakarrik hiru puntu direla esatea, derbiak beti dira-eta bereziak, eta hori argi nabaritzen da bai jokalariengan bai eta zaletuen artean ere».