EusLiderrak tailerraren bigarren saioa egingo dute gaur, Busturian
Guraso eta gurasogaien hizkuntza ohituretan eragitera bideratutako tailerra da eusLiderrak. Ordu eta erdiko hiru saio antolatu dituzte Busturian. Lehenengoa azaroaren 14an egin zuten, gaur batuko dira bigarrenez, eta azken saioa, berriz, abenduaren 12...
Ahize hizkuntza aholkularitzak antolatzen du eusLiderrak tailerra. Jakinarazi dutenez, Busturian sei guraso ari dira parte hartzen. Lehenengo saioarekin «pozik» geratu zirela aipatu dute, «balorazio oso ona» egin zutela adierazita. Euskararen erabilera informala lantzen dute, gurasoen artean euskara sustatzeko. Hitzaldi «dinamikoak» direla diote, «jolas txikiak» tartekatuta. Bigarren saiotik hirugarren saiora, gurasoei ariketa praktiko bat egiteko eskatuko dietela azaldu dute.
Jarraipena izan dezake
Ahizetik jakinarazi dutenez, «proiektuaren asmoa, bigarren fase bat etorriko balitz, lehenengo fasean parte hartu duten gurasoek lidergoa eroatea izango litzateke. Ahizetik formakuntza txiki bat hartuko lukete, eta lidergotza hartuta, beste guraso batzuei saioak emateko prest egongo lirateke. Proiektua ziklikoa da».
EusLiderrak proiektua gurasoen hizkuntza ohituretara bideratutatako proiektua da: «Euskara erabiltzeko ohitura duten gurasoen jarrera indartu egin gura dugu batetik, eta bestetik, gaztelaniara jotzeko ohitura dutenei gako batzuk ematen dizkiegu familia barneko eguneroko harremanetan edo beste guraso batzuekin edota lagunekin dituzten harremanetan ohitura berriak sortzeko. Horretarako pilula batzuk emanez».
Ahizeren arabera, lau helburu ezarri dituzte eusLiderrak tailerreko saioetarako: hizkuntzen garrantziari buruzko informazio esanguratsua eman eta hizkuntzekiko jarrerak landu, hizkuntza lidergoa indartu, talde lana eta eraldaketa sustatu eta portaera berriak sortu.