‘Mañukorta bertsonajea’ liburuaren aurkezpen ekitaldia.
Bertsolaritza munduan ezaguna bada ere, bertsolaritzatik haratago, Euskal Herri osoan da pertsonaia ezaguna Gregorio Larrañaga Mandiola Mañukorta. Beti betiko bertsolaria, plazagizona, irribarrea ateratzen dakien horietakoa eta errimak lotuaz egia handiak botatzen dituena dela diote, behintzat, bere zaleek. Jarraitzaileak dituela argi dago, Mañukortari buruz Xabier Amurizak idatzi duen liburuaren aurkezpenetan ez da jenderik falta izan eta.
Joan den astean aurkeztu zuten Markina-Xemeingo udaletxean Mañukorta Bertsonajea. Lehen aurkezpenak eginda, kontu kontari ibili ziren liburuaren egilea, Amuriza, eta Mañukorta bera. Liburuaren izenburua ezingo litzateke izan egokiago. Aurkezpenean bertan ere argi utzi zuen Mañukortak, liburuan dioten moduan, bere pentsamoldeko bertsolaririk ez dela inoiz ibili bertso zirkuitoan ezta giza zirkuitoan ere. Bertsoaz eta bertsonajearen bizitzaz jardun zuten liburuaren hariari jarraituta, eta barre algarak atera zieten aurkezpenean batutako lagunei.
Liburuaren izenburua ezingo litzateke izan egokiago. Aurkezpenean bertan ere argi utzi zuen Mañukortak, liburuan dioten moduan, bere pentsamoldeko bertsolaririk ez dela inoiz ibili bertso zirkuitoan ezta giza zirkuitoan ere.
Liburua. Bizkaiko Bertsozale Elkarteak Xabier Amurizarengana jo zuen Gregorio Larrañaga Mañukortari buruzko ikerketa lana egin, eta ostean, behar hori liburu batean biltzeko proposamenagaz. Datuak bildu ostean, Mañukortaren bizitza jaso du Amurizak sei ataleko liburuan. Formato nagusia elkarrizketak dira, eta bertan protagonistaren pentsatzeko era bitxia eta iritziak agertzen dira, bai bertsolaritzaz bai eta beste gai batzuez. «Ustekabez betetako orrialdeak» direla dio egileak.
Mañukorta, Markina-Xemeingo Larruskain auzoan jaio zen 1943an, Mañukorta baserrian. Nekazari eta fabrikako langile egin izan du behar. Soldaduska amaitu orduko, 1967an, Ameriketara joan zen osabagaz, artzain. Sei urte egon zen han. Amaren familiatik jaso zuen bertsozaletasuna, eta bere kasa ikasi zituen bertso zaharrak. 60ko hamarkadan hasi zen jendaurrean kantatzen, baina 80ko hamarkadatik aurrera lortu zuen izena. 1989ko Txapelketa Nagusian finalaren atarian geratu zen.
60ko hamarkadan hasi zen jendaurrean kantatzen, baina 80ko hamarkadatik aurrera lortu zuen izena. 1989ko Txapelketa Nagusian finalaren atarian geratu zen.
Plazarik plaza eta telebistan ere ikusi ahal izan da larruskaindarra, hainbat programetako partaide. Imitatzaileak ere baditu, eta horrela gogora ekarri zion Amurizak Markina-Xemeingo aurkezpenean, baina, «eurak nekatuko dira ni baino lehenago», erantzun zion Mañukortak ez zaiola axola nabarmenduz.
«Bere buruagan konfiantza handiagorik daukanik nekez aurkituko duzu inon. Bertsoaz ez ezik, edozertaz emango dizu iritzi segurua, ‘aditua’, bizi guztia horixe estudiatzen eman balu lez», esan zuen Amurizak. Hortaz, gai askotaz ematen du iritzia liburuan, fedeaz, politikaz, frankismoaz, dibertsioaz eta munduaz eta unibertsoaz besteak beste.
Mañukortaren bertso eta saioen aukeraketa bat ere badago. «Mañukortak kantatu izan duen plaza moten eta bere bertsokera adierazten duen hautu zabal eta erakusgarri bat».
Amallon. Liburuaren osagarri on bat bertsozaleen ikuspegia izan zitekeela pentsatu zuten, eta zelan ez, Mañukortaren auzokideengana jo dute: Amallo-Larruskain inguruko bizilagunengana. Amalloko elkartean hitzordua jarri eta bazkari on baten ondoren izan zuten berbaldia.
Hemeretzi lagun batu ziren, ume eta guzti, Mañukortaren bizipenak gogora ekartzeko: Agustina Galdos Mañukortaren maistra, Mari Tere Sarasua Mañukortaren eskolakidea, Maria Uberuaga Larruskaingo Tabernazaharrekoa, Maria Angeles Azumendi Pertika, Joseba Arregi Altzu, Jose Mari Lejardi Gabixola, Jose Luis Zelaia Askurriña, Udai Zelaia, Maria Jesus Zelaia Iturralde baserrikoa, Asensio Arizmendiarrieta Ittoiño, Aitor Basterretxea, Joseba Sololuze, Lander San Martin, Rosa Zabala, Ainara Antxustegi, Unax Aranzadi eta Jesus Mari Elortza.
Esate baterako, lanean diskretua eta isila, bertsozalea gaztetatik, ausarta eta eskuzabala, bere buruagaz konfidantza duena, eta bere lurraldea defendatzen dakiena dela adierazi zuten auzotarrek, eta bere umetako bihurrikeriaren bat eta beste pasarte batzuk ere kontatu eta liburuan jaso dituzte. Euretako bat Maria Angeles Azumendik kontatutakoa: Mañukorta astiz eta denbora dezente aurretik iristen zen beharrera, errelebo guztietan, goizez, arratsaldez zein gauez. Aurreko erreleboa amaitzear zeudenentzat animo handia ei zen hori. «Badator Mañukorta!» Eurak laster libratuko ziren seinale. Baina, batzuetan seinalea engainu bihurtzen zen Mañukorta berdin-berdin iristen baitzen ordubete lehenago.
Pasarteez gain, liburua Mañukortaren aipu «xelebreez» beteta dago. «Kanpandorretik jaurti eta lurran kontra osorik gelditzeko moduko bertsuek» edo «Santa Eufemiko hatxetan behera jaurti ta ez apurtzeko modukoak» bota dituela dio Mañukortak, eta aurkezpenean ere berretsi egin zuen horrelakoak asko bota dituela esanez.
‘Mañukorta bertsonajea’ liburuaren azala.