Abenduaren 2tik 7ra Jone Gallardoren oleo erakusketa egingo da Ondarroan
Domekara bitartean Alamedako udal erakusketa aretoan oleo erakusketa eskainiko du Jone Gallardo margolari ondarrutarrak. “Azkenengo urteetan landu ditudan hainbat behar erakusteko aukera izango dut”.
Ondarroako hainbat paisaia ikusgai egongo dira: zubi zaharra, eliza, kofradia zaharra, moila inguruak eta kale handiko inguruak, besteak beste. Denek ere, herria Gallardoren ikuspegitik erakutsiko dute.
Erakusketaren ordutegiari dagokionez, astegunetan 19:00etatik 21:00etara dago zabalik. Zapatuan eta domekan, ostera, ordutegia zabalagoa izango da: 12:00etatik 14:00etara eta 19:00etatik 21:00etara. Momentuz, erakusketa martitzenean zabaldu zuten, eta herritarrak gutxinaka ari direla gerturatzen dio Gallardok. “Eguraldi txarragaz nekezago etortzen da jendea. Baina etorri, ari dira etortzen”.
Gallardoren ibilbidea. Gallardok urte asko daramatza margo munduan sartuta. “Bitxore Lakagaz hasi nintzen eta gero gehiago sakondu dut. Asko margotzen dut”. Baina Gallardorena zaletasun bat baino gehiago da. Eta horren adibide dira gaur egun Gallardo ibiltzen diren lekuak. “Bilboko Berreginen Museora ere joaten naiz aste barruan, eta han ere hainbat lan egiten ditu. Gero, handik artisten lantegi batera joaten naiz”. Horrela ba, aste erdia Bilbonpasatzen duela dio ondarrutarrak. Zaletasuna zena haratago joan da Gallardoren kasuan. “Asko gustatzen zait margotzea. Herriko paisaiak, natura hilak, itsasontziak eta horrelakoak dira niri margotzea gustatzen zaizkidanak”. รง
Asteon erakusketa Ondarroan ipini badu ere, Getxo, Bilbo, Llanes (Asturias) eta beste hainbat lekutan ere erakutsi izan ditu bere arte lanak. Eta erakusketan ikusgai dauden koadro guztiak salgai ere badaudela gaineratu du. “Nahi duenak erosi aukera hori badauka”. Berak mimoz egindako arte lan horiek saltzeak pena ematen dion edo ez galdetzerakoan, batzuk inoiz ez dituela salduko eta gordeta dituela gaineratu du. “Badaude batzuk, ondo-ondo gordeta ditudanak, eta horiek dira salduko ez ditudanak”.
Ibilbide luzeko artista ondarrutarrak esku abilak ditu, bai eta irudimena ere. Ikusten duena, bere ikutua gehituta, paperera eroan eta egiteko hori polito egiteko gaitasuna dauka. Horrela ba, herritarrek herriko sortzailearen lanak bertatik bertara ikusteko aukera daukate egun hauetan Ondarroako udal erakusketa aretoan.