Ikurrina astintzen egongo da hemendik aurrera PeƱanekua plazan. “Euskal Herritar guztien ikurra” dena omendu eta herriko erdigunean jarri zuten domekan etxebarritarrek.
San Andres Eguneko meza ostean egin zuten ekitaldi berezia. Eskola aurretik kalejiran ekarri zuten herriko umeek ikurrina plazara omenaldiari hasiera emateko trikitilarien laguntzagaz, eta Joseba Artza herriko bertsolariak bi bertso eskaini zizkion. Ekitaldiaren antolatzaileek, EAJk eta Bilduk hartu zuten hitza ondoren. “Ikurrinan dago gu garen guztia, gure historia”, esan zuten, eta herritar guztiak, emakume zein gizonezko, handi naiz txiki eta ideologia eta pentsakera guztietakoak, ikurrinaren barruan daudela azpimarratu zuten. “Guztiona da eta guztiontzako”, azpimarratu zuten.
Ikurrinaren aurrean dantzan egin ondoren, txalapartaren doinuagaz igo zuten ikurrina goiko puntara. Herriko nagusiena, Ibarlotxa baserriko Juanita Zelaia eta herriko gazteena Mikel Iruguenpagate, izan ziren herritarren ordezkariak ikurrina igotzeko.
Mikel Iruguenpagate Etxebarriko gazteena eta Juanita Zelaia, nagusiena izan ziren ikurrina igotzearen arduradunak. Argazkia: Mari Jose Etxaniz