Plaza-merkatua indartzeko, berregituratzeko eta modernizatzeko programa jarri du martxan Lekeitioko Udalak
Eusko Jaurlaritzako merkataritza sailetik 15.797,93 eurotako dirulaguntza jaso du udalak Hiri Merkataritzaren Lankidetza, Dinamizazioa eta Lehiakortasuneko zonako estrategiak izeneko programaren barruan. Dirulaguntza horren bidez, udal merkatuaren jarduera berpiztu eta indartu nahi dute.
“2012an tekniko, merkatari eta ekoizleekin eginiko Garapen Ekonomiko Hausnarketan adierazi bezala, bi erronka nagusi ditu plaza merkatuak. Alde batetik, salerosketa gune izaera indartzea, bereziki bertoko produktuen espazioa zainduz”, azaldu du udalak. Horretarako plaza merkatuaren dinamizazioa landuko dute: besteak beste, plaza merkatura ekoizle eta merkatari berriak erakarri, egungo salmenta jarduerari jarraipen bat eman, komunikazio plangintza bereizitua egin, eta merkatuan bertan gastronomi eskaintzak bideratu.
Herritarren topaleku
Plaza merkatua herritarren topaleku bihurtzea du erronka udalak, eta horretarako espazioaren eta zerbitzuen egokitzapena egingo dute. Plaza Merkatuko bigarran solairua, gaur egun baserritarrak dauden gunea, espazio anitzeko gune bihurtu nahi dute. Ondorioz, neguko sasoian, herritar ororentzat zabalik egongo da arratsaldez. “Gunea babestuago eta seguruago izateko, bigarren solairuan ate berria eta segurtasun neurriak hartuko dira”, azaldu du udalak.
Horrez gain, Lekeitioko Udalak plaza merkatuaren eraikina modernizatu eta txukuntze aldera hainbat konponta lan egingo ditu: eraikina garbitu, margotu, seinalizazio egokia jarri, informazio gune bat ezarri eta solairuen sarrerak berriztuko dituzte.
Zentzu berean, garai berrietara egokituta, udal-merkatu ordenantza berri bat lantzen hasi da udala. “Horren bitartez plazaren funtzionamendua gaur eguneratzeaz gain, postu bat lortzeko erraztasunak eskaini nahi dira, izan ere sei dira hutsik diren salmenta guneak”, zehaztu dute.