Seigarren urteurrena egun osoko jaiagaz ospatuko dute zapatuan. Aurten ere mimoz prestatutako egitaraua dela aurreratu du Markina-Xemeingo Gazte Asanbladak. Izan ere, denetarik edukiko dute, kirola, jolasak, jana bai eta sorpresak ere.
Seixen sei aurtengo urteurren jaiak seia izango du protagonistetako bat. Halan, ekitaldi guztien hitzorduak, eta sei edo 36 minutuan izango dira. Horrela, 11:06an hasiko dira eguneko ekitaldiak pala txapelketako finalagaz. Oraindik finalaurreko guztiak jokatzeko daude, eta beraz, finalistak zeintzuk izango diren erabakitzeko dago. Urrian hasitako norgehiagokak parte hartze handia izan du. Bi mailatan jokatu da txapelketa, eta maila bietako finalak lehiatuko dituzte zapatuan, plazabarripeko frontoi txikian. MGAkoek azaldu dutenez, bai finalistek zein animatzera joaten direnek hamaiketakoa edukiko dute partiduen amaieran.
Bazkaria gaztetxean
Urtero modura, urteurren bazkaria egongo da gaztetxean, 14:36an. Oraindik txartel batzuk badagoz, eta Patxuan edo Uhagonen eros daitezke 5 eurotan. Gazte Asanbladak prestatuko du bazkaria, eta 60 bat lagunentzako lekua egongo dela aurreikusten dute.
Lasai bazkalduta, hasiko dira bazkalosteko jolasak. Lehenengo bertan gaztetxean jolastuko dute gazteek, baina gero, iluntzean, joko poteoa egingo da tabernatik tabernara. «Taldeetan banatuko dira parte hartzaileak, eta galdera-erantzunean ibili beharko dute», aurreratu dute antolatzaileek.
Ogitartekoak afaltzeko aukera ere egongo da gaztetxean 21:06etatik 22:36ra, eta ondoren, Esteibar eta Obietagaz erromeria.
Sorpresak eta giro ona ere ez direla faltako azpimarratu dute gazte asanbladakoek.