Joan den urteko txapelketako partidu bat. Argazkia: Julian Arrate
Binakakoa izango da lehiaketa, eta helduen parte hartzea izango du helburu. Beraz, 40 urtetik gorakoek ahalko dute jokatu. «Gutxienez 40 urte bete behar dira 2015ean», zehaztu dute antolatzaileek.
Jokatu nahi dutenek, kiroldegian izena eman edo bestela 94-624 30 05 telefono zenbakira deitu behar dute 2015eko urtarrilaren 4a orduko. Antolatzaileek jakitera eman dutenez, partidak domeka goizetan jokatuko dira, urtarrilean, otsailean eta martxoan, pilota goxoekin.
Txapelketa berezia
«Adin nagusiko jendea ere animatu nahi da», nabarmendu dute antolatzaileek. Izan ere, 50 urtetik gorako hiru bikotek izena emanez gero, eurentzat txapelketa berezia antolatuko dutela azaldu dute. «Egunen batean, gainera, Euskal Herriko beteranoen txapelketa bihurtzeko asmoa dugu. Ea Mutriku, Ondarru, Gernika, Markina, Munitibar eta inguruko jendea animatzen den».
Lekeitio, Iurreta, Deba, Mallabi, Elgoibar, Durango,Mendexa eta Amorotoko sei bikote aritu ziren iaz zein baino zein gehiago, eta txapela, hirugarren urtez jarraian, Iurreta-Lekeitiora joan zen. Kepa Arroitajauregi eta Julian Arratek jantzi zuten txapela Telleria eta Bastida Mallabiarra eta debarra menpe harturik.