Euskal Herriko belarri, begi eta esku guztien nahiak asetuko dituzten 330 berritasun izango dira aukeran kulturzaleen topaleku bilakatu den Durangoko Azokan; horien artean, Lea-Artibai eta Mutriku sortzaileenak. Aurtengoa, 49. edizioa izango da, eta horregaz gozatzeko garaia iritsi da dagoeneko. Astelehenera arte, idazleek eta musikariek euren irakurle eta entzuleekin egoteko aukera izango dute.
Halaber, lan berriak aurkezteko eta ezagutzeko ere baliatuko dituzte egun horiek euskal artistek. Herritarrek, bestalde, kultur eskaintza zabala edukiko dute eskura. Erronkak gaindituta dator aurten, gainera, Durangoko Azoka; inoiz baino parte hartze handienagaz. Euskal Herriko idazle eta musikari horien artean, zalantzarik barik, Lea-Artibai eta Mutrikuko hainbat sortzaile ere izango dira Durangon egunotan. Liburuen artean, esaterako, Yolanda Arrieta, Leire Bilbao, Maribel Aiertza, Miren Agur Meabe, Ana Urkiza, Mikel Etxaburu, Agustin Zubikarai eta Patxi Juaristirena egongo dira.

Durangoko Azoka, iaz.
Diskoen artean, berriz, Kraussk (
Gudaberria), Mitosia (
Tabula rasa), Keu Agirretxea (
KX Proiektua), Oliba Gorriak (
Garaipenera arte!), Markos Untzeta (
Seinaleak) eta Kirmen Uriberenak (
Jainko Txiki eta Jostalari hura) izango dira. Azken urteetan legez, lau egunetako egitarauagaz jarraituko du azokak. Hala, zortzi gunetan banatuta, izango da zer entzun, zer ikusi eta zegaz gozatu Durangon; besteak beste, aurkezpenak, emanaldiak, hitzaldiak, tailerrak eta beste hainbat egongo dira aukeran. Aurkezpenen garrantzia Durangoko Azoka liburuen eta diskoen salerosketarako azoka bezala ezaguna bada ere, geroz eta garrantzia handiagoa dute emanaldi, aurkezpen eta ikuskizunek. Ahotsenea eta Plateruena izango dute horietako askok agertoki, eta antolatuta dauden 150 ekitaldi baino gehiagoren artean, Lea-Artibai eta Mutrikuko sortzaileek ere izango dute beraien tokia.
Hala, abenduaren 5ean, esaterako, Yolanda Arrietak Argiaren alaba lana aurkeztuko du 17:00etatik 17:30era. Abenduaren 6an, Keu Agirretxeak
KX proiektua emango du ezagutzera, 18:20tik 18:50era. Hurrengo egunean ere jarraituko dute bertoko artistek beraien lan berriak ezagutarazten eta azaltzen. Beste hainbatekin batera, Ana Urkizak ere bere lana aurkeztuko du jendaurrean egun horretan 17:45etik 18:15era:
Mamuak. Azokako azken egunean ere jarraituko dute ekitaldiek, eta egitarauaren parte izango dira, besteak beste, Kraussk taldearen eta Markos Untzetaren emanaldiak, 11:40tik 12:10era eta 13:00etatik 13:30era, hurrenez hurren.
Argizaiola saria, Aranari. Argizaiola saria emango du aurten ere, azokaren antolatzaile Gerediaga elkarteak, eta Angelun (Lapurdi) bizi den Anuntxi Arana izango da ohorea jasoko duena. Euskal mitologian hainbat lan idatzi egin dituen emakumea da; horien artean ezagunetarikoa da Orozko Haraneko kondaira mitikoak, bilduma eta azterketa tesia (1996).
Gerediaga elkarteak azaldu duenez, Ipar Euskal Herrian euskaraz egindako lehen tesia defendatu zuen lapurtarrak. Hala, Aranak euskal kultura sustatzen egindako lana aitortuko du aurtengo Durangoko Azokak. Hain justu, bihar jasoko du aipatutako saria San Agustin Kultur Gunean. Aurtengo herrialde gonbidatua, bestalde, Okzitania izango dela jakinarazi du Gerediagak. Horrenbestez, Durangoko Azokak herrialde horretako kultura eta hizkuntza propioa ezagutzeko aukera emango du. Bien arteko harremana oinarri hartuta jorratuko dute aurtengo egitaraua.
49. Durangoko Azoka: berritasunak
- Ahotsenea. Karpa bi edukiko ditu: batean, liburu eta disko aurkezpen-solasaldiak, eta bestean, 55 zuzeneko eskainiko dira.
- Irudienea. Aurten ere zinea egongo da, eta 35 proiekzio eskainiko ditu, formatu guztietakoak; gainera, Kameratoia rally-aren 10. edizioa ere hartuko du.
- Kabi@. Teknologia proiektu berrienak aurkeztuko dituzte, egun bakoitzean ardatz bat hartuta: hezkuntza, sortzaileak, komunitatea eta enpresak.
- Plateruena. Gaueko kontzertu jendetsuenak hartuko ditu: Gatibu, Hesian eta Vendetta. Gainera, kafe antzokiak 10. urteurrena ospatuko du aurten.
- Saguganbaran. Transmisioa helburutzat hartuta, Berbaro elkarteak Mintzolarekin batera elkarlanean era guztietako tailerrak egingo ditu.
- Szenatokian. Sortze prozesuan dauden antzezlanei buruzko solasaldia, zortzi pieza laburreko antzerki maratoia eta Txapeldun obraren estreinaldia.
- Azoka TB. Aurten, telebista plato izango da, publikoak bai azokan bertan eta bai sare sozialen bidez, elkarri eragiteko aukera izango du zuzeneko saioetan.