Abendurockek jende asko erakarri du Mutrikura

10849971_724430744291647_8422393524868357323_n

‘Highlights’ taldearen kontzertua. Argazkia: MRK

Abendurock jaialdiaren 10. urteurreneko lehen kontzertuetan jende asko ibili dela nabarmendu dute Mutrikuko Rock Kolektiboko kideek. “Eskaini diren lehen kontzertuetan jende pila ibili da, eta gure aldetik oso gustura gaude. Lehenengo asteburuari puntuazio bat jarri behar izanez gero, 10 bat jarriko genioke. Hasiera oso ona eduki dugu, indartsua. Jendearen erantzunarekin oso gustura geratu gara”. Eguenean egin ziren aurtengo Abendurockeko lehen ekimenak. Emarock dokumentalaren emanaldira, Jon Iraundegiren argazki erakusketara eta Kokeinek eskainitako kontzertura nahikoa jende hurbildu zen Zabielera eguenean. “Jendea oso gustura gera dela uste dugu. Kokeinen kontzertu akustikoarekin, gainera, jendeak asko gozatu du”.
10847962_10204392638189360_2220312475630657191_n

Jon Iraundegiren argazki erakusketa. Argazkia: MRK

Hilaren 4tik 7ra ere, Jon Iraundegiren argazki erakusketara ere nahikoa jende hurbildu dela azpimarratu dute Rock Kolektiboko kideek. Hala ere, erantzuna uste baino txikiagoa izan dela adierazi dute. “Horrelako aukera bat edukita herritar gutxi hurbildu da argazki erakusketa ikustera. Kanpotik, ordea, argazkiak ikustera jende nahikoa etorri dela igarri dugu”. Asteburuan, baina, Abendurockek etenik gabe jarraitu du. Highlights taldeak bertsio batzuk eta beraien errepertorioa jota, Zubiaramera hurbildu zirenak gustura utzi zituen barikuan. Domekan, aldiz, Tristan Crowley bakarlariak Alemania eta Suitzatik bira egin ondoren, Mutrikun egin zuen geldialdia. Herritarrek ez zuten hutsik egin, eta Zubixa jendez bete egin zuten.