Pala txapelketako finalekin hasi ziren urteurreneko ekimenak. Bi mailatako finalak jokatu ziren, eta aurtengo irabazleak Jon Patxi Aldaolea eta Alex Arrate (bigarren mailan), eta Sergio Aginaga eta Alain Pujana (lehen mailan) izan dira.
Nahiko jende batu zen frontoian finalak ikustera, eta hotzari aurre egiteko salda beroa eta hamaiketakoa izan zuten. Lehen mailako partidua luze joan zen. Bikoteak gogor jokatu zuten eta ia bi orduz aritu ziren norgehiagokan. Azkenean baina, 25 eta 22 irabazi zuten Aginagak eta Pujanak.
Bazkaria
14:30 aldera hasi zen gaztetxean, bazkaria. 50 lagunek izan zuten gaztetxekoek prestatutako janaz gozatzeko aukera. Entsalada, marmitakoa, txerri txuletak piperrekin lagunduta, kafea eta postrea eduki zituzten, halan, jatordua luzatu egin zitzaien eta uste baino beranduago hasi ziren bazlalosteko jolasekin.
Mahaian jarritakoakĀ nahastu eta bost taldetan banatu zituzten jolasean hasteko. Abestien letrekin, antzezpenak igarten eta jeroglifikoak asmatzen aritu ziren, “gustora”, luzaroan. Beraz, kalera nahiko berandu joan zirela aitatu dute gaztetxekoek. Adar doinuari jarraituta, batera eta bestera ibili ziren, poteoan.
Erromeria
Ogitartekoak jateko aukera ere eskaini zuten gauean gaztetxean bertan, eta ondoren hasi zen Esteibar eta Obietaren erromeria. “Apurka-apurka jendea hasi zen dantzara ateratzen eta bete egin zen eskenatoki aurrea”, azaldu dute gaztetxekoek. Hiru bat orduko erromeriaren ondoren, argiak amatatu eta kandelak piztuta
Zorionak zuri abestu zioten Akerbeltz gaztetxeari, eta guztiak batera topa eginez eman zioten amaiera urteurren jaiari.