Hilaren 21era arte zabalik dago Antton Urreisti artista mutrikuarraren erakusketa Ondarroako udal erakusketa aretoan. Ordutegia ondokoa da: astelehenetik zapatura, 18:30etik 20:30era, eta zapatuan eta domekan, 12:00etatik 14:00etara eta 18:30etik 20:30era.
Azken 10 urtean 130 sari baino gehiago jaso ditu Urreistik egindako lanengatik. Eta lan horietariko bat edo beste ere Ondarroako erakusketara ekarri ditu. «Sariketaren ostean bueltatu dizkidaten lanetako batzuk ekarri ahal izan ditut. Arraroa da, izan ere, kuadro gehienak lehiaketak antolatzen dituztenak geratzen dira», aurreratu du Urreistik.
Azken urtean egin dituen lanetatik hamazortzi aukeratu ditu Ondarroan ikusgai ipintzeko. Gehienek, gainera, oso tamaina handia dute; metro eta erdiko zabalera duten beharrak dira asko eta asko. Ondarroan erakusketa egiteko gai nagusi modura Ondarroako margolanak aukeratu ditu artista mutrikuarrak. Horrez gain, Mutriku, Eibar, Zumaia eta beste hainbat leku ere ikus daitezke, beti ere Urreistiren ikutu eta ikuspuntutik.
Erantzun «ona». Teknikari dagokionez, olio pintura eta akrilikoa nahastu egiten ditu Urreistik estilo errealista eta inpresionista duten margolanetan. Horrez gain, argia beti toki beretsura enfokatzen saiatzen dela azpimarratu du artistak. Modu horretara, «nahi duen efektua» lortzen duela dio.
Erakusketa irekita dagoen lehenengo egunetan, aretora jende asko hurbildu dela esan du Urreistik. «Pozik nago etorri den jendetzagaz. Ez nuen uste horrenbesteko erantzun ona jasoko nuenik».