Joan den zapatuan egin zuten ekintza berezia; , denetara 40 lagun batu zuren Gazte Gunean.
Arratsaldetik hasi zituzten prestakuntzak. Izan ere, pizzak egitea eta guztiok batera afaltzea zuten plana, eta horretarako, DBH 3ko neska-mutilak arratsaldean hasi ziren sukadatzen: masa egin, labean sartu, osagaiak jarri… Gaua heldu zenean guztiak mahaietan bildu eta afari ederraz gozatu zuten. “Horren ostean, gazte taldetxo batek prestatutako gaubelari ekin genion; hainbat jolas zituzten pentsatuta (musika-kutxa, kantuak asmatzea, playbackak egitea…) eta ordu txikietaraino ibili ginen gelditu ere egin gabe; barre piloa egin genuen guztiok. Azkenean heldu zen lotara joateko ordua, eta, bakoitzak bere lozakua hartuta, atsedena hartzeko tarte laburra izan genuen”, azaldu dute Aisialdi Taldekoek.
Goizean, guztiak batera gosaldu eta ekintzaren balorazioa egin ostean, nork bere etxeko bideari ekin zion. “Hezitzaileok oso sentsazio onarekin gelditu ginen; gustura egon ginen gazteekin eta haiek hobetoxeago ezagutzeko balio izan zigun gauak. Izan ere, konfiantza-giro samurra izan genuen eta guztiok lagun artean geundela zirudien”, adierazi dute Aisialdi Taldekoek.
Gazteen eskaerari erantzunez, gaubela, urtero DBH3koen ekintza izatea erabaki dute, eta beraz, aurten maila horretan dabiltzan gazteen txanda izan da. “Gazteek aspalditik zioten Gazte Gunean lo egiteko gogoa zutela, ekintza gisa, eta duela aste bateko asanbladan guztion artean erabaki genuen DBH 3koekin egitea. Izan ere, astebururo gazte mordoa izaten dugu eta ezinezkoa izango litzateke guztiekin batera gaua bertan pasatzea”, argitu dute Aisialdi Taldekoek.
Perkusio Ikastaroa
Joan den asteburuko ekimena gaubela izan bazen, oraingorako ikastaro bat antolatu dute, perkusiokoa. Horrela, zapatuan, 20:00etatik 21:30era gazteek instrumentuak jotzeko aukera izango dute. “Ikastaro guztiz parte hartzailea izango da, eta perkusioko zenbait instrumenturen oinarriak ikastea izango da helburua”, aurreratu dute Aisialdi Taldekoek.