Bizkaiko Foru Aldundiko arduradunek azaldu dutenez, BI-633 errepidearen egungo ibilbidea aldatzea da tarte horretan egin nahi den jardueretako bat, eta horretarako itzulbide bat egingo dute BI-4403 errepidearekiko bidegurutzea birmoldatuz. “Obra horren bidez zirkulazioa erraztea eta ikuspena hobetzea lortu nahi da; horretarako, BI-633 errepidearen 50 eta 52 kilometro-puntuen artean dauden bihurguneen erradioa handitu nahi da”, azaldu dute.
Errepidearen zati berriak 3,50 metroko zabalerako lerro bi eta 0,50 metroko bazterbideak izango ditu. Horretaz gainera, babes-berma bat jarriko dute eta 250 metro baino gutxiagoko erradioa duten bihurgune guztiak handituko dituzte. Bestalde, 52. kilometro-puntuaren hasieran dagoen sestra-aldaketa hobetuko da, gidariek ikuspen hobea izan dezaten.
Lizitazioaren proiektuak elkargune bat eraiki nahi du Larruskaineko bidegurutzearen aurrean, Markina-Xemeinerantz doazen ibilgailuek eta BI-4403 errepidetik Ondarroarantz doazenek ere noranzkoa aldatzeko aukera izan dezaten.