Abadiñon hil dituzten bi emakumeren hilketa salatzeko elkarretaratzeak egingo dira bihar Lekeition, Ondarroan eta Markina-Xemeinen.
Atzo, bi emakumezko, ama-alabak, bortxa zantzu argiekin hilda agertu ziren Abadiñon, beren etxebizitzan. Arratsaldean, alabaren senarra atxilotu zuten ertzainek, hilketaren egilea izatea leporatuta eta, Ertzaintzak azaldu zuenez, gizonak, bi emakumeak berak hil zituela aitortu zuen.
“Hilketa matxistak” salatzeko deia egin dute Lekeitioko Udalak eta Potxuak Martxan elkarteak. Horretarako elkarretaratzea egingo da 19:00etan Lekeitioko Eskolapean.
19:00etan batuko dira Ondarroan ere hilketa gaitzesteko. Alamedan elkartzeko deia egin du Ondarroako Udalak
Emakumeen aurkako indarkeriarik ez! lemapean.
Udaletxe aurrean egingo da elkarretaratzea Markina-Xemeinen.
Emakumeen kontrako indarkeria gehiagorik ez! lelopean elkartzeko deia egin du Markina-Xemeingo Udalak 20:30etan. Herritar guztiei bertan parte-hartzeko deia egin diete.
“Gaur egun oraindik ere gure jendartean emakumezko izateagatik zapalduta egoten jarraitzen dugu. Arlo guztietan, azalekoa edo ez, oraindik ere menpekotasun egoera batean bizi gara. Emakumeen kontrako indarkeria jendartean errotutako indarkeria da. Eta indarkeria fisikoa da zapalkuntza horretan larriena”, adierazi du udalak.
Markina-Xemeingo Udalak 2011ko udazkenean aho batez onartu zuen horrelako kasuak sistematikoki salatzea. Eta horretan jarraituko dutela esan dute emakumeen kontrako indarkeria behin-betiko amaitu arte. “Emakumeek jasaten duten zapalkuntzari aurre egiteko konpromisoan berresten da Udala, indibidual zein kolektiboki, horri aurre egiteko konpromiso garbiagaz”.