Alerta laranja ezarri du Jaurlaritzak gaurko, olatu handiengatik
Itsasgora orduetarako (06:00-08:00/19:00-21:00) ezarri du alerta laranja Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak. Jaurlaritzaren esanetan, 5 metro baino altuagoko olatuak espero dira gaurko [eguena, abenduak 11].
Euskalmet euskal meteorologia agentziak jakitera eman duenez, Bizkaia eta Gipuzkoako kostaldeak daude alertan. “Terranova eta Ipar Eskozia artean sortuako presioen ondorioz helduko dira olatu handiak”. Denboraleak Alexandra izena dauka eta Islandia paretik dator. “Irlandan, esaterako, Alexandrak 15 metrora arteko olatuak sortu ditu”.
Euskalmetek jakinarazi duenez, denboralea nahiko goian dagoenez, euskal kostaldera errebotean ailegatuko da eta barne korroteak eragingo ditu bertoko kostaldean.
Olaturik handienak 08:00etan eta 18:00etan ailegatuko dira. Ordu horietan, itsasgoran, urak 3,50 metro egingo du gorantz. Halaber, olatu batetik bestera 17-18 segundoko tartea egongo dela jakitera eman dute.
Horrela ba, gaur, itsasertzeko pasealekuetara kontu handiz gerturatzeko eta ontziak ondo-ondo lotzeko gomendioa egin dute Jaurlaritzak eta Euskalmetek.