Urteurren borobila beteko du aurten Ondarroako lasterketa ezagunak. Hala ere, antolatzaileek ezer berezirik ez dutela prestatu aurreratu dute. “Betiko Egia-Iriondo izango da. Ez dago inolako berritasunik”.
Lasterketa 12:00etan hasiko da. Aringalariek Berriatuan hasi eta Ondarroako Zubi Zaharraren parera arteko ibilbidea bete beharko dute. Parte hartzaile gazteenei dagokionez, lasterketara bakoitzak nahi duen tokian sartu daitezkeela azpimarratu dute antolatzaileek. Behin korrikalari guztiak alde zaharrera helduta, jai giroan murgilduko da herria. “Beti bezala, kirolagaz lotutako jai giro polit bat sortu nahi dugu”.
Egia eta Iriondo lasterketaren sortzaileak ere domekan alde zaharrean egongo direla espero da. “Urtero modura eurentzako ere txalo zaparrada eder bat egongo da”.
Era berean, lasterketak urtero herriko talderen bat edo pertsonaiaren bat omentzen du. Aurten Ondarroako Caritas omenduko dutela aurreratu dute. “Herri mailan behar handia egiten dute. Beraiei gure omenaldi txikia egitea erabaki dugu. Lasterketaren bukaeran herritar guztion esker ona jasotzeko aukera izango dute”.
Bestalde, antolatzaileek aurreikusi baino jende gutxiagok parte hartuko du kirol proban. 300 lagunek baino gutxiagok eman dute izena. “Uste baino jende gutxiagok eman du izena. Guretzako berri txarra da. Izan ere, azkenaldian gero eta jende gutxiago animatzen dela igarri dugu”.
Ondarrutarrek bakarrik parte hartzen duten lasterketa izaten jarraituko duela erabaki dute lasterketan parte hartuko dutenek. Aurten berritasun modura parte hartu dutenen artean inkesta bat egin dute antolatzaileek. Hain zuzen ere, herriko kanpoko jendeak lasterketan parte hartzea nahi zuten edo ez galdetzen zen. Jaso diren erantzun guztien artean, ezezkoa nagusitu da. “Jendeak herritarrentzako jai bat izaten jarraitzea nahi duela ulertzen dugu erantzun honegaz. Jendeari galdera proposatu diogu, eta partehartzaileek ondarrutarra ez den jendeak ez dutela parte hartzea nahi erabaki dute”.