Jai giroan hasi dira Ondarroako topaketa feministak. Bilgune Feministak deituta, Euskal Herri osotik etorritako ehunka emakume batu dira.
Iraitz Agirre Aranguren eta Maite Segurola Garmendia, goizeko aurkezpenean
Jardunaldiekin hasi orduko, parte hartzaile bakoitzari materiala banatu zaio kofradia kanpoan, eta ostean, ongietorria eman zaie jendez betetako areto gelan. Amaia Cabero ondarrutarrak eta Maite Segurolak egin dute topaketen aurkezpena.
Ongietorriagaz amaitu eta gero, Iraitz Agirre Bilgune Feministako kideak, hiru eremu nagusi dituen diagnostiakoaren berri eman die kofradian batutako guztiei. Agirre eremu sozio-ekonomikoaren, eremu politiko-instituzionalaren eta eremu ideologiko-kulturalaren inguruan berbetan aritu da.
Behin diagnostikoaren berri izan ostean, kofradian batutako guztiak Etxelilara eta institutura joan dira eztabaidagaz jarraitzera. 30 pertsonako lantaldetan banatuta, aurretik banatutako gaien inguruan eztabaida sakonean aritu dira. Adin eta jatorri ezberdinetako emakumeek euren esperientziak, iritziak eta bizipenak trukatzeko eta konpartitzeko aukera izan dute. Taldean ideiak bateratu, eta planteaturiko hiru galderen inguruan hausnartzen saiatu dira.
Denen ideia guztiak kontutan hartuta, adostasunera heltzea izan da ariketaren helburua. Eguerdira arteko tartean jasotako ideia guztiek diagnostikoa aberasteko eta arratsaldean egingo den mahai ingurua elikatzeko jaso dira.
Bazkal ostean, aldiz, Trantsizio feminista: intzidentzia politikoa, estrategiak eta boterea(k) mahai ingurua egin dute kofradian. Arratsaldean ere, areto nagusia jendez gainezka egon da. Mahai inguruan batu direnek hiru gairen inguruan berbetan aritu dira, hurrenez hurren. Trantsizio feministaren oinarri eta norantzen, erresistentzia estrategien eta aurrera begirako erronken inguruan aritu dira.
Hizlari lanetan Jule Goikoetxea (idazlea, filosofia politikoan doktorea, Cambridge unibertsitateko ikertzailea eta Euskal Herriko Unibertsitateko iraskalea) , Jean Roland (senegaldarra, euskalduna eta Garaipen taldeko militantea), Ana Murcia (El Salvadorreko Las dignas taldeko kidea, ekonomia feminista eta Hegoamerikako erresistentziako mugimenduetako kidea eta Garaipen taldeko kidea), Idurre Eskisabel (Kazetaritzan eta Antrolologian lizentziatua, Berriako zutabegilea eta kazetaritza irakaslea EHUn), Ainhoa Etxaide (LAB sindikatuko idazkari nagusia), Saioa Iraola (Bilgune Feministako kidea) eta Josebe Iturriotz (Plazandreok eta Medeak taldeko kidea) aritu dira.
Arratsaldeko saioa amaituta, ekitaldiko bidea jai giroko kalejiran egin dute Andrabandak animatuta. Beikozini aretoan, aldiz, topaketen amaierako ekitaldi jendetsua egin da.
Arantza Ibarraren Sarearen oihua dokumentala proiektatzen hasi dute amaiera ekitaldia. Atzetik, eta eguneko irudiak batzen zituen bideoa proiektatu aurretik, bakarrizketa umoretsu bat entzuteko aukera izan dute Beikozinin batutakoek. Ostean, Bilgune feministako kideek topaketetan eman diren ondorio nagusien berri eman dute ilustratzaile biren laguntzagaz.
Amaiera ekitaldiko unerik hunkigarrienak Ekhine Eizagirre Bilgune Feministako kidearen hitzak irakurri denean bizi izan dira. Mireia Delgadok, Eizagirreren lagunak, haren gutun bat irakurri du. Horrez gain, Eizagirrek Frantziako Fleuryko kartzelan idatzitako bertsoak abestu dituzte. Azkenik, ekitaldiari amaiera Zutik Emakumeak abestuz eman diote. Eguna, Jostorratzak dantzan! festa feministagaz amaitu da.
Topaketa feministak_diagnostikoa
IRUDIETAN [nggallery ID=213]
Lea-Artibai eta Mutrikuko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa dugu. Egin zaitez HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.