Betikone Aretxabaleta eta Naroa Escabias Garaian aldizkariaren zenbaki berria aurkezten.
Joan den zapatuan aurkeztu zuen Garaian elkarteak aldizkari berria. Zendu berri den Juan Luis Muniozguren aldizkariko kolaboratzaileak egindako irudiagaz hasi zuten ekitaldia. “Aldizkaria sortu zenetik, duela 50 urte, Juan Luis Muniozgurenek egin izan ditu aldizkariko irudiak eta komikiak”, azaldu zuten. Hori dela eta aurtengo aldizkaria bere omenez atera dute. “Egin duen lana eskertzeko”. 50. zenbakiaren kontraportada ere Juan Luis Muniozgurenena da. “Eginda utzi zuen”, nabarmendu zuten.
50 zenbakiaren inguruan egin dute azala bera ere. Zerutxu Ikastolako argazki bat eta lehenengo Garaianen portada aukeratu dituzte eratzeko.
Miguel Angel Bilbao izan zen Garaian aldizkariaren bultzatzailea, eta berari egin diote elkarrizketa. Adizkariaz gain bere bizitzari buruz jardun dute. “Hainbat gauza kontatu dizkigu”, azaldu zuen Betikone Aretxabaleta Garaian elkarteko kideak. Izan ere, bere bizitzaz gain, Markina-Xemein zelakoa zen, Eskola Laborala eta Gazte Alaiak elkartea aitatzen ditu besteak beste. Bilbaok idatzitako liburuen gainean eta aldizkariaz berataz ere jardun zuten.
Zerutxu
Zerutxu Ikastolaren oroitzapenak berreskuratzeko, GarbiƱe Arrate eta Tere Maiztegi andereƱoekin eta ikastolaren sorreran parte hartu zuen Jose Antonio Ansolagaz elkartu dire Garaianeko kideak. Leku berezia aukeratu zuten, gainera, elkarrizketarako: Zerutxu egon zen Karmengo fraideen komentuko saloia. Aita Miguel Mariaren lana, ikastolaren sorrera, giroa eta izan zituzten eragozpenak azaltzen dituzte zortzi orrialdeetako elkarrizketan. Horretaz gainera, ikastolan ibilitako ikasleen oroitzapenak eta argazki erakusketa zabala ere jaso dituzte aldizkarian. Hamarkada bakoitzetik bi ikasle aukeratu dituzte. “Oroitzapen danak oso goxoak eta alaiak izan dira. Denek gogoratzen dute Zerutxu oso gauza berezi modura”, azpimarratu zuen Betikone Aretxabaletak.
Hainbat lagun batu ziren 50. zenbakia ezagutzeko.
Ibilbide guztia osatzeko, Zerutxu Ikastolaren eta Bera Kruz Ikastetxearen elkartzea azaltzen du Luis Baraiazarra Txertudik, eta garai hura zelakoa izan zen gogoratu eta testuinguru batean sartzeko 60. hamarkadako pizkunde kulturalari buruzko artikulua idatzi du Patxi Juaristik.
Parapetoa
Zerutxu eta Garaian aldizkariari lotutako gaietatik at dagoen kontu bakarra Parapetoa da. Markinarren Txokoak atalerako aukeratu dute herriko ingurune hori. Orain arte, herriko ze txoko duten gustukoena galdetu diete markina-xemeindarrei, baina, oraingoan lekua aukeratu eta berataz galdetu diete. “36ko gerran Markinako Errepublikaren Aldeko Batzordeak babeserako bigarren lerro modura eraiki zuen parapetoa, baina ez zen erabili”, azaldu zuen Naroa Escabias Garaian elkarteko kideak.
Jendea, aldizkaria eskuartean hartuta albisteak ikusten aurkezpenaren amaieran.
Aldizkariaren gai nagusiei lotuta, hainbat ekitaldi antolatuko ditu Garaian elkarteak urtarriletik aurrera. Hitzaldiak eta irteerak aitatu zituzten besteak beste.