Lekeitioko kultur ondareaz arduratuko den 'Kurik' aldizkaria laster kalean
Proiektuaren atzean, Lekeitiko Udaleko Ondare Lantaldeko hiru partaide daude: Iñaki Madariaga Valle, Iñaki Goiogana Mendiguren eta Aitor Iturbe Gabikagojeaskoa. Urtero kaleratuko duten aldizkariak herriko kultur ondarea izango du oinarri. “Ondarea esaten denean bere zentzurik zabalenean ulertu behar da, historia, ohiturak… gaurkoak eta aspaldikoak”, azaldu dute.
Lehen zenbakian hogei lan batu dituzte 160 orrialdetan. Esate baterako, Aparicio de Zubia lekeitiarraren historia jaso dute. “Olioa gaixotasun batzuk osatzeko gauza zela konturatu zen Aparicio de Zubia, eta asmakuntza horrek ospetsu egin zuen. Hain zen ezaguna bere denboran eta geroago bere asmakizunaren berri On Kixoten ere agertzen den”, azaldu dute.
Bestalde, Lekeitioko lehen futbol taldearen gorabeherak, Napoleon Frantziako enperadorearen gerra denborako sekula argitaratu ez den informazioa, edo Beheko kalean agertu ziren tinen gaineko azalpenak aurkitu ahalko dira Kuriken. Kontu horietaz gain, aldizkariaren lehen zenbakiko artikulu nagusiak hezkuntzari lotutakoak dira. “Azkue ikastolaren 50. urteurrena aurten betetzen dela eta, ikastolari eta herriko eskolei artikulu bana eskatu die aldizkariaren arduradunek euren historia eta etorkizunerako planak zeintzuk diren azaltzeko eskatuz”.
Lekeitioko konfiteroen historia, Lekeition bertan erroldatu zen Shanti Andia pelikularen gainekoa, urteko kronika, liburuen erreseinak, eta denbora-pasak ere irakurri ahal izango dira zapatutik aurrera Kuriken.
Lehen zenbakiaren 700 ale kaleratuko ditu Lekeitioko Udalak Gabon bezperarako, eta herriko liburu eta prentsa dendetan eta turismo buegoan jarriko dituzte salgai 15 eurotan.