Xabier Gabiola Lekeitioko garapen teknikaria, Maitane Larrauri alkatea, eta Edriga Aranburu Garapen zinegotzia.
Lekeition, Ondarroan, Mutrikun eta Ziortza-Bolibarren ospatuko dute, hain zuzen ere, San Tomas Eguna, eta herri horietan guztietan izango da azokaren bat edo beste.
Lekeition, esaterako, «inoiz baino postu gehiago» izango dira azokan; guztira, 41. Gainera, «aspaldiko azoka herrikoiena» ospatuko dutela jakinarazi du Lekeitioko Udalak. Hala, jan-edana eskainiko duten txosnak plazako txoko ezberdinetan areagotu egingo direla azaldu du. Bertako giroa ere berezia izango da, Txikirri Txikirri taldeak plaza eta herriko kaleak girotuko baititu. Halaber, azokaz gain, eskualdeko etxe-abereen erakusketaz gozatzeko aukera ere izango du bertaratzen denak.
Ondarroan, taloak eta edariak banatzen dituen txosna eta haurrentzako hainbat tailer izango dira, besteak beste. Gainera, Gabon kantak ere abestuko dituzte bertako bizilagunek.
Mutrikuk baserritarren azoka (16 postu) eta liburu azoka (herriko irakurzale taldearena) hartuko ditu, beste behin ere. Horrez gain, berritasun legez eta herritarren eskariei jaramon eginez, artisauen azoka ere egingo dute. Herriko lau ekoizlek jarriko dute postua, eta beste hiru egongo dira beraiekin batera.Balea elkarteak, gainera, atunaren enpanadillak jarriko ditu herritarren eskura. Oro har, egun «herrikoia» izango dela azaldu du Mutrikuko Udalak.
Ziortza-Bolibarren, hiru egunetako egitaraua prestatu dute santotomasetarako. Santo Tomas bezperan eta egunean bertan izango dira hainbat ekintza, baina jai horiei domeka honetan emango diote hasiera. Hala, besteak beste, pelota partiduak, bazkari eta afariak, kalejirak, erromeria, talo jana eta umeen jaia egongo dira.
Egitaraua, herriz herri
Lekeitio
Abenduak 21, domeka.
– Goizetik eguerdira, jan-edana emango duten txosnak, plazan.
– 10:00etan, azokaren eta abere erakusketaren hasiera.
– 13:30ean, azokaren mahairik onenari sari banaketa.
– 14:00etan, azokaren amaiera.
Mutriku
Abenduak 20, zapatua.
– 10:00etan, baserritarren azoka eta liburu azoka, Txurruka plazan.
– 10:00etan, artisauen azoka, Beheko plazan.
– 13:00etan, trikitixagaz kalejira.
– 22:30ean, MRK Rock Gaua gaztetxean.
Ondarroa
Abenduak 20, zapatua.
– 10:30etik 15:00etara, jan-edanaren txosna, alde zaharrean.
– Goizean, haurrentzako hainbat tailer.
– 13:30ean, Gabon kantak, kalekutzeko eskaileretan.
Ziortza-bolibar
Abenduak 14, domeka.
– 11:30ean, txistularien kalejira.
– 12:30ean, meza.
– 13:30ean, pilota partiduak: Balseras-Arrasate bikotea Zubikarai-Mendibe bikotearen aurka.
– 14:30ean, jubilatuen bazkaria, Ziortza-Beitian. Ondoren, Esteibarrekin musika.
Abenduak 20, zapatua.
– 18:30ean, txupina jaurtitzea. Eneritz eta Naiara trikitilariak.
– 19:30ean, baserritarren kalejira, lan tresna eta ortuariekin parodia, errentero eta etxejabeen arteko etxe-sari ordainketa hegaztiekin.
– 20:00etan, herri afaria. Ondoren, erromeria Joselu Anaiekin.
Abenduak 21, domeka.
– 11:30ean, txistularien kalejira.
– 12:30ean, meza nagusia.
– 13:00etan, Gotzon eta Judith trikitilariak. Ostean, talo jana txorizo eta urdaiazpikoarekin frontoian. Doan.
– 17:00etan, Markina-Xemeingo umeen abesbatza.
– 18:00etan, umeen jaia. Txikienentzako euskal mitologiako ludoteka puzgarria, marrazki tailerra, eta nagusiagoentzako jumping-a, globoflexia eta txontxongilo tailerrak. Jarraian, umeentzako kopaua.