II. Gazte Ekintzak Txuri Urdinera eramango ditu Lekeitioko gazteak
Patinajean trebatzeko aukera izango dute abenduaren 26an egingo duten irteeran. 15:00retan Donostiarantz abiatu eta 21:00ak inguruan Lekeition bueltan egongo dira gazteak. “II. Gazte Ekintzan parte hartzeko ez da adin mugarik jarri, baina 11 urtetik beherakoak etorri nahi izatekotan guraso edo tutoreen laguntzarekin etorri beharko dira”, zehaztu dute Lekeitioko Aisialdi Taldekoek.
Irteeran parte hartu nahi dutenez, abenduaren 20a baino lehen eman beharko dute izena, 10 euro ordainduta.
Logo txapelketa
Bestalde, zapatu honetan, Lekittoko Aisialdi Taldeko logo txapelketari amaiera emango diote; horretarako, 18:30etatik aurrera Gazte Gunean bilduko dira aisialdi taldekoak eta gazteak, eta aurkeztutako logo proposamen guztiak aztertu ondoren guztien artean bat aukeratuko dute. Logoa, aurrerantzean Lekittoko Aisialdi Taldeari lotuta egongo da. Hori dela eta, txapelketa horretan parte hartzeko deia luzatu diete bai eta herritarrei ere. “Bai logo-proposamenak aurkeztuz, eta bai zapatuko logo aukeraketara etorriz. Dagoeneko jaso ditugu proposamen batzuk”, azaldu dute aisialdi taldekoek.
Olentzero eguna
Olentzeroren eguneko antolaketan ere murgilduta dabiltza Aisialdi Taldekoak. Aurten, lehen aldiz, Lekittoko Aisialdi Taldekoak dira jai hori antolatzeko arduradunak, eta ospakizuna ilusio handiz antolatzen dabiltzala azpimarratu dute. Mari Domingi eta Olentzeroren kalejiraren ondoren, ume eta gazteei zuzendutako jaia egingo dute, eta bertan Gazte Guneko gazte batzuek prestatutako txokolatada eta disko festa izango dituzte. “Herritar guztiak gonbidatzen ditugu ekintza horretan eta gainerako guztietan parte hartzera”, animatu dute aisialdi taldekoek.