Jon Haitz Badiola Eskilarrantxarri ur kirol elkarteko kidea, txapelketako kartelagaz
Ondarroako Eskilantxarri ur kirol elkarteak estrainekoz antolatu du Bodyboard Txapelketa Herrikoia. Abenduaren 20tik urtarrilaren 6a bitartean egingo da kirol proba. “Herrian bodyboardean ibiltzen garen nahikoa jende gara, eta Eskilantxarri ur kirol elkarteko kideoi negura begira zerbait antolatu behar genuela bururatu zitzaigun. Orain arte udari begirako ekimenak antolatu ditu elkarteak, eta zerbait desberdina egiteko gogoa genuen”, azaldu du Jon Haitz Badiola Eskilantxarri ur kirol elkarteko kideak.
Txapelketa Gabonetan egitea ere, ez da nolanahiko erabakia izan. Izan ere, olatu handiak egoten diren sasoia dela azpimarratu dute elkarteko kideek. “Udaran, egia esan, ez da olatu handirik egoten Arrigorriko hondartzan. Sasoi honetan ibiltzen gara gehinbat bodyboardean ibiltzen garenok, hori dela eta aukeratu ditugu data hauek”. Horrez gain, bodyboardean aritzen den jendea ere, libreen egon daitekeen sasoia izan daitekeela uste dute elkarteko kideek.
Txapelketa egiteko proposatu duten epe barruan, bodyboarda egiteko behar besteko olatuak dauden egunean egingo da txapelketa. Bien bitartean, nolako itsasaldia, haizea eta olatu handiak egoteko behar diren baldintza guztiak kontrolatzen joango dira elkarteko kideak, txapelketaren eguna zehazki noiz ipini ahal izateko.
Orain arte txapelketan izen emanda dutenen artean Whatsapp bidezko talde bat sortu dute, eta modu horretan aurreratuko zaie txapelketa noiz izango den. “48 edo 72 ordu arinago, txapelketa noiz egingo den jakinaraziko diegu parte hartzaile guztiei”.
Bestalde, urtarrilaren 6a bitartean, txapelketa egiteko beharrezko olatu edo baldintzarik ez balitz emango, txapelketa atzeratu egingo dutela ere aurreratu du Eskilantxarrikoek. “Gabonetako tarte horretan olaturik ere ez egotea pasa daiteke. Olaturik ez bada heltzen, txapelketa asteburu batetara atzeratzea pentsatu dugu”.
Txapelketan
lehiakortasuna gutxiengoa izango dela adierazi dute antolatzaileek. “Garrantzitsuena denok batu, ondo pasatu eta gozatzea izango da. Txapelketa ere, denok parte hartzeko eran antolatu dugu. Hau da, guztiok jolasteko denbora berdina izango dugu”. Hiru taldeetan banatuta, 20 minutuko saioak egingo dituzte kirolariek. “Gerokoan, taldeak berriro jendez aldatu eta txanda gehiago jokatuko dira. Hortik puntu gehien lortzen dituzten lau bodyboarderrek finala jokatuko dute”. Puntuei dagokionez, lau olatu onenen puntuak batuko dira finalera pasatuko direnen artean.
Sariei dagokionez, ostera, lehen hiru sailkatuek ur kirol elkarteko kideek eskuz egindako garaikurrak jasoko dituzte.
Txapelketan izena eman nahi duenak, abenduaren 19ra arteko epea izango du. 688 633 608 telefono zenbakira deituta eman daiteke izena. Txapelketa xumea egingo dute Ondarroan. Hori dela eta, gehienez 15 lagun onartuko direla nabarmendu dute antolatzaileek.
Bodyboard txapelketa_kartela