Gipuzkoako Gomazko Pala Txapelketako finala jokatuko dute 2. eta 3. mailakoek zapatuan, Mutrikun
Gomazko Pala Txapelketako azken fasera ailegatuta, azken partiduan neurtuko dituzte indarrak 2. eta 3. mailako finalistek. Maila batekoek zein bestekoek Mutrikuko Miruaitz frontoia izango dute norgehiagokarako eszenatoki.
Hirugarren mailako taldeak lehiatuko dira lehenengo, eta 18:30ean hasiko dute partidua.Hain zuzen, lehenengo eta bigarren postua erabakitzeko partida da jokatuko dutena zapatuan, eta horretarako, kantxara aterako dira, batetik, Hernaniko E.Ramos eta A. Zubimendi eta, bestetik, I. Alzuri eta F. Laborde altzatarrak.
Horiek bukatutakoan hasiko dute lehia bigarren mailako pala jokalariek. Hain justu, Mutrikuko Danok Bat pelotazale elkarteko Igor Elezagaraik (Mutriku) eta Xabier Garaldek (Berriatua) Elgoibarko Lagunak taldeko K. Arrizabalaga eta A.Etxeberriaren aurka jokatu beharko dute partidua.
Bi bikote “parekatu”
Irailetik abendura bitartean, multzo berean jokatu dituzte partida danak azken bikote bi horiek. Mutrikuko Danok Bat elkartetik azaldu dutenez, “partidu zaila” izango da zapatukoa. Hala ere, bi bikoteak “oso paretsu” dabiltzala aitortu dute; horrela ba, “zorte pixkatekin” partidua irabaztea espero dute etxekoek.
Joan den asteburuan jokatu zuten finalerdiko partida mutrikuarrek Azkoitikoen kontra. “Partida gogorra” izan zen, “ia bi orduko iraupena izan zuena”. Dena den, Mutrikuko jokalariek garaipena etxera eramateko aukera izan zuten. Borrokarako griƱa erakutsi izan dute orain arte mutrikuarrek. Iaz hirugarren mailatik bigarren mailara salto egitea lortu zuten, eta urte bete beranduago, bigarren maila horretatik lehenengorako pausoa eman dute. Izan ere, taldeko lehenengo eta bigarren egiten dutenek jasotzen dute goragoko mailara igotzeko txartela. Hortaz, mutrikuarrak eta elgoibartarrak izango dira datorren urtera begira lehenengo mailako bi talde.