I. Bodyboard txapelketa egingo da Gabonetan
Ondarroako Eskilantxarri ur kirol elkarteak Bodyboard txapelketa herrikoia antolatu du estreinako. Abenduaren 20tik urtarrilaren 6ra bitartean egingo da kirol proba. «Herrian bodyboardean ibiltzen garen nahikoa jende gara, eta Eskilantxarri ur kirol e...
Txapelketa Gabonetan egitea ere ez da nolanahiko erabakia izan. Izan ere, olatu handiak egoten diren sasoia dela azpimarratu dute elkarteko kideek. «Udan, egia esan, ez da olatu handirik egoten Arrigorriko hondartzan». Horrez gain, bodyboardean aritzen den jendea ere, libreen egon daitekeen sasoia izan daitekeela uste dute elkarteko kideek.
Txapelketa egiteko proposatu duten epe barruan, bodyboarda egiteko behar besteko olatuak dauden egunean egingo da txapelketa.
Bien bitartean, baldintza guztiak kontrolatzen joango dira elkarteko kideak, egun zehatza ipini ahal izateko. Txapelketan izena emanda dutenen artean whatsapp talde bat sortu dute, eta bi edo hiru egun arinago jakin eragingo diete proba jokatuko den eguna zein izango den.
Olaturik ez bada, atzerago
Bestalde, urtarrilaren 6ra bitartean txapelketa egiteko beharrezko baldintzarik ez balego, txapelketa atzeratu egingo dutela ere aurreratu dute Eskilantxarrikoek. «Gabonetako tarte horretan olaturik ere ez egotea pasa daiteke. Olaturik ez bada heltzen, txapelketa asteburu batera atzeratzea pentsatu dugu».
Txapelketan lehiakortasuna gutxiengoa izango dela adierazi dute antolatzaileek. «Garrantzitsuena denok batu, ondo pasatu eta gozatzea izango da. Txapelketa ere, denok parte hartzeko eran antolatu dugu, guztiok jolasteko denbora bera izango dugu».
Hiru taldetan banatuta, 20 minutuko saioak egingo dituzte kirolariek. «Gerokoan, taldeak berriro jendez aldatu eta txanda gehiago jokatuko dira. Hortik puntu gehien lortzen dituzten lau bodyboarderrek finala jokatuko dute». Puntuei dagokienez, lau olatu onenen puntuak batuko dira finalera pasatuko direnen artean.
Txapelketan izena eman nahi duenak abenduaren 19ra arteko epea izango du, 688 633 608 telefono zenbakira deituta. Gehienez hamabost lagun onartuko direla nabarmendu dute.
Horrez gain, izena eman dutenei txapelketaren nondik norakoen berri emango diete barikuan, 19:00etatik aurrera Guzur Etxean egingo duten aurkezpenean.