Beristain, Danok Bat, Mugerza eta Arrunategi saritu dituzte Mutrikuko II. Kirol Galan
Mutrikuko Udalak asteburuan herriko kirolari onenak saritu ditu II. Kirol galan. Besteak beste, herriko kirolari, talde eta kirol ibilbiderik onenak saritu zituzten, aipamen bereziarekin batera.
Kirolari onenen artean lau ziren aurtengo izendatuak: Asier Illarramendi futbolaria, Gotzon Arrieta eta Patxi Ituarte sokatiralariak eta Atharratze Beristain mendi lasterkaria. Aurtengo saritua Beristain izan zen. Joseba Palenzuela alkateak eman zion saria mendian lasterka aritzen den kirolariari. Besteak beste, Beristainen ibilbidearen berri eman zuen Txemi Galarraga galako aurkezleak. Horrekin batera, azken urteotan Beristainek parte hartu duen hainbat probetako argazkiekin osatutako bideo bat ere proiektatu zuten.
Era berean, talde onenaren saria jasotzeko izendatuak lau ziren: Mutriku Futbol Taldea, Mutriku Arraun Taldea, Danok Bat eta Saskibaloi Taldea. Saria Danok Bat pelotazale elkarteak lortu zuen. Jose Angel Lizardi EAJko zinegotziak eman zien saria taldeko kideei. Taldeko ibilbidearen berri eta azken urteotan jasotako hainbat sari aipatu zituen galako aurkezleak. Horrekin batera, taldearen ibilbidea erakusten zuen bideo bat ere proiektatu zuten.
Bestalde, kirol ibilbide onenaren artean zazpi izan ziren izendatuak: Antonio Txartxa, Pedro Basterretxea, Amaia Elosegi, Fausto Mugerza, Jose Agustin Elezgarari, Benito Romero eta Peio Arreitunandia. Horiek guztietatik sariatua Fausto Mugerza Iturritza baserriko aizkolaria izan zen. Berdeak taldeko Alberto Lejardik eman zion saria. Mugerzaren bizitza hainbat pasarte gogoratzen zituzten galan, besteak beste.
Azkenik, aipamen berezirako hauek ziren izendatuak: Ugaitz Mugerza, Jose Arrunategi eta Mikel Mariezkurrena. Jose Arrunategi herriko medikuak jaso zuen aurtengo aipamen bereziaren saria. Iban Arrunategi semeak eman zion saria. Saria jaso eta gero, Txemi Galarragak herriko medikuaren bizitzako hainbat pasarte gogoratu zituen.
IRUDIETAN [nggallery ID=216]