
Zesta-punta zale asko batu ziren zapatuan frontoi nagusian Gabonetako txapelketako finalak ikusteko, baina penagaz geratu ziren azken finalagaz gozatzeko aukerarik eduki ez zutelako. Iturbide eta Felix eta Barandika eta Lekeren arteko partida hasi bezain laster amaitu zen. Bikoteak 1-1 zihoazela min hartu zuen belaunean Felix Espillak, eta partida bertan behera geratu zen. Horren ordez, 20 tantuko kiniela jokatu zuten Iturbidek, Barandikak eta Lekek, sariak banatu orduko. Barandikak irabazi zuen kiniela eta Leke eta Iturbide berdinduta geratu ziren 15 -era.
Elitekoa ez zen izan baina, zapatuko final bakarra. Gaztetxoak izan ziren lehenak ateratzen kantxara eta partidu dotorea eskaini zuten Goitia III eta Danelek Lekube eta Diaga IIren kontra. Garaipena eta txapelak Goitia eta Danelentzat izan ziren 30 eta 19 irabazita.
Gazteen mailan, berriz, Gotzon eta Egia eta Goixarri eta Manzi neurtu ziren. Mutrikuarrek jantzi zituzten txapelak. 30 eta 23 irabazi zuten Goixarrik eta Manzik.
Tantu biko aldeagaz nagusitu ziren bigarren mailan Koxme eta Txomin. 35 eta 33 irabazi zieten Mandiola eta Aizpitarteri. Roke eta Elkoro II izan dira, bestalde, lehen mailako irabazleak.