Lekeitioko Abaroa guneko lorezainen etxeak ez du gaztetxe izaten jarraituko
https://www.youtube.com/watch?v=ikcJHdFvors
Abaroa Biztu parte hartze prozesuaren ondorioz, gaztetxe izaera galtzea onartzera behartuta egon direla jakitera eman dute Lekittoko Gazte Asanbladako kideek.
2014ko udazkenean jarri zuen martxan Lekeitioko Udalak Abaroa Biztu prozesu parte hartzailea. Jauregia zer izan beharko litzatekeen erabakitzeko hainbat asanblada egin dituzte, eta Lekeitioko era guztietako kultur talde, elkarte eta norbanakoek parte hartu dute bertan. Abaroa gune osoak eduki beharreko erabilera, kudeaketa eta finantziazio bideak zehazten ibili dira besteak beste.
Lekittoko Gazte Asanblada ere prozesu horren parte izan da hasieratik. Abaroa Gunea herri mugimenduak autogestionatutako gunea izan biharko litzatekeela ikusten dute gazte asanbladakoek, eta gazte mugimenduak, herri mugimenduen parte den heinean, Abaroa gune handi horretan bere espazio propioa eduki beharko lukeela ikusten dute, «ordurako martxan euan lorezainen eraikina Gaztetxe moduan mantenduta».
Baina, asanbladako partaideak, lorezainen etxea zer izan behar den erabakitzerako orduan ez dira adostasun batera ailegatu. «Gu hasieratik saiatu ginen erdibideko proposamen bat mahai gainean ipintzen: momentuz Abaroa Gunetik erabilgarri dagoen eraikin bakarra lorezainen etxea dela ulertuta, jauregia martxan ipintzeko dinamikak bertatik bideratzeko tresna ere izatea, baina, beti ere, gaztetxe izaera galdu barik», azaldu dute. Hala ere, proposamen horregaz ere ez dute guztiek bat egin. «Eta lorezainen etxeak gaztetxea izatea utzi behar zuela defendatu zuten».
Erabakia
Egoera horrek gazte asanbladaren indarrak gainditu dituela adierazi dute gazteek, eta herriko gazte mugimendua kaltetu handiena izango zen egoera saihesteko bide hau hartzea erabaki dute.
Hala ere, gazte asanbladak ere bere dinamika bertan garatzen jarraituko duela aurreratu dute. «Nahiz eta guneak orain arte instituzinoietatik eduki duen autonomia hein handi baten galdu praktikan eraikin horrek ahalik eta izaera autonomo eta autogestionatuena izan daiten egingo dugu burrukan», esan dute.
Egoera horren aurrean, gaztetxea irabazteko, inoiz baino indar gehiagogaz aurrera egingo dutela azpimarratu dute gazte asanbladakoek. «Proiektu honetan parte hartzen dugunok gure inplikazioa areagotuz eta orain arte parte hartu ez dutenak hurreratuz».