Astelehenen goizean Euskal Herriko 35 lagunen aurkako 04/08 auzia hasiko da, tartean, Mikel Etxaburu Osa (Ondarroa, 1969) epaituko dute. Espainiako Auzitegi Nazionalak San Fernando de Henaresen (Madril, Espainia) dituen epaitegi berrietan egingo da epaiketa, eta sei hilabete inguru irautea espero da. Auzipetuta dauden 35 lagunek hasierako hiru asteetan deklaratuko dute. Etxaburuk, zehazki, urtarrilaren 14an deklaratuko du.
Astelehenean beste 34 euskal herritarregaz batera 04/08 sumarioan epaituko zaituzte. Zer leporatzen dizuete?
Erakunde armatu baten parte izatea leporatzen digute.
Zer zigor eskaera egin dizuete?
Hasiera batean, bakoitzarentzat 10 urteko zigor eskaera egin dute.
Mikel Etxaburu Osa 04/08 sumarioko auzipetu ondarrutarra.
Zuri, zehazki, zer leporatzen dizute?
Mahai Nazionaleko kidea izatea leporatzen didate. Izapide egiteak, berez, 2005 eta 2007 urteak izan ditu kontuan. Hain zuzen ere, bi urte horietan oinarritu dute kide guztion aurkako salaketa. Denbora tarte hori, gainera, oso esanguratsua izan zen.
Zergatik?
Tarte horretan, besteak beste, Anoetako proposamena, Txillar baserriko edota Loiolako elkarrizketak egin ziren. Su-etena ere garai hartan izan zen. Garai hartan, orain zigortu nahi gaituztenok gaur egungo testuinguru politikorako urrats erabakigarriak izan direnak ematen ari ginen. Herri honen etorkizun desberdin eta independente baten aldeko apusturik ez bagenu egin, ziurrenik ez ginateke 35 lagun auzipetuta egongo. Astelehenean Madrilen hasiko dena, funtsean, epaiketa politiko bat da.
Bizi dugun egoeran epaiketa honek badauka zentzurik?
Ikuspegi baten zein bestearen arabera, zentzuna eduki dezake edo ez. Nire ustez, euskal herritarron ikuspegitik ez du zertan zentzunik eduki beharrik. Madrildik etor daitezkeen aginduak ulertzearren uler daitezke, baina desadostasun nabarmen bat dago.
Ze desadostasun?
Herrialde honetan gehienok aurrera egiteko beharra dugu. Honegaz ez dut esan nahi, inondik inora ere, norbere atzekoari entzungor egin behar diogunik. Euskal herritarroi dagokionez, guztiz desberdinak diren politika eta beste ikuspuntu bat eskatzen ditu. Bestalde, epaiketa politiko hau baliteke Madrilen aldetik ulergarria izatea.
Zergatik da Madrilentzako epaiketa ulergarria?
Gaur ez bada, etorkizunean estatuaren erreforma egin beharko da. Eta estatu erreforma horren ardatz handi bat dira Herrialde Katalanak eta Euskal Herria. Zentzu horretan, oso ulergarria da egoera desberdin horren aktore garenok indargabetu nahi izatea.
Zelan egingo diozu aurre epaiketari?
Oso itxaropentsu noa Madrilera. Nire itxaropena ez dago Madrildik etorriko denaz, baizik eta gure herrian dagoenaz. Bihar baino lehen, herri honetan urrats garrantzitsuak emateko aukera zabalduko direlako nago baikor. Bestalde, Madrildik ez dugu ezer onik espero. Ez dugu espero absoluziorik egongo denik, ez gaude baikor.
Horrez gain, euskal jendartearen eta hainbat eragileren babes handia jaso duzue. Hori guztia sumatu al duzue?
Talde modura zein pertsonalki babesa jasotzeak bakarrik ez gaudela sentiarazi digu.
Batasuna, ANV eta EHAK erakundeen baitan 2005etik 2007ra garatutako lan politikoagatik epaituko zaituztete. Zuen epaiketaren harira zer jarrera erakutsi dute beste alderdiek?
Oraindik ere hainbat taldegaz harremanetan gabiltza. Hala ere, orain arte harremanetan egon garen alderdi, sindikatu eta eragileen jarrera oso eskuzabala izaten ari dela nabarmendu nahi genuke. Hori guztia asko eskertzen dugu.
Epaiketa honen atzean interes politikoak daude?
Begiratzen duzun ikuspuntuaren arabera bati mesede eta besteari kalte egingo dio. Euskal Herrian euskaldunoi ez digu bat ere mesederik egiten. Eta bertan epaituko gaituen 35 herritarron neska-lagun, mutil-lagun, guraso, senideei eta lagunei, horiei guztiei ere ez die bat ere mesederik egiten. Egoera zail bat biziko dugu, baina hortik ikasbide positiboak ateratzen saiatu behar dugula uste dut. Aurrean dugun ikasbide zail honek aurrera begira beste gauza batzuk zelan landu eta sakondu lagunduko digu. Ez dut inondik inora ere uste Madrilera burumakur joan behar dugunik. Aurkakoa uste dut, epaituak izango garen guztiok harro goaz. Duda barik, harro egon behar genuke egin dugun behar politikoak merezi izan duelako. Gainera ere, prest gaude behar politiko horretan sakontzen jarraitzeko.
Zeini egiten dio mesede?
Madrilgoei, alegia, onurak ekarriko dizkie. Kontuan eduki behar da epaituak izango garen tartean hauteskunde prozesu batean sartuta egongo garela. Epaituak izango diren askok ardura politiko garrantzitsuak dituzte, eta horrek guztiak, momentu honetako testuingurua baldintzatzea ekarriko du.
Azkenaldian hainbat makroepaiketa egiten ari dira. Orain dela gutxi 28 gazteren aurkako epaiketa politikoa egin da Madrilen, eta orain zuena.
Makrosumario honetan epaituko dituzten pertsonak ezker abertzalearen elementu eraldaitzaile indartsuenak direla kontuan izatekoa da. Nahiz eta batzuk epaituak izan eta beste batzuk espetxeratuak izan, gure lanak aurrera jarraituko du.
Hitz gutxitan, zelan definituko zenuke 04/08 sumarioa?
Sumario guztia epai jarraibideetan oinarrituta dago. Ehunka orritan urte bi haietan egin genituen behar politiko publikoak deskribatzen dira bakarrik: batzarrak eta prentsaurrekoak, esaterako. Gure aurka daukaten bakarra garai hartan egiten ari ginen behar politikoa da. Horiek dira gure aurka 10 urteko zigorra eskatzearen ardatza.