Txurruka Tenienteak 11 zenbakian gertatu da ezbeharra. Sutea eraikineko beheko solairuan hasi da, 02:30ak inguruan. Ertzaintza eta suhiltzaileak gertaera ikertzen ari dira, baina dirudienez, sutea beheko solairuko bizilagun batek piztuta utzitako zigarroak sortu du. Informazio iturrien arabera, zigarroa erretzen zegoen bizilagunak lo hartu duenean hasi da sua. Koltxoiak su hartu du lehendabizi, eta ostean sua etxe osoara zabaldu da.
Sua itzaltzeko hainbat suhiltzaile bertaratu behar izan dira. Suhiltzaileek jakitera eman dutenez, 05:30ak inguruan itzali dute sua. “02:36ean Mutrikun sute bat gertatu denaren hainbat dei jaso ditugu”, argitu dute ertzainek.
Mutrikun gertatu den sutea; argazkian sua sortu den etxebizitza.
Ertzaintza gertaera egon den etxera hurbildu denean, kea oso nabarmena zen. Ertzainez gain, hainbat anbulantzia eta suhiltzaile ere gerturatu dira. “Bizilagun batzuk balkoietara aterata aurkitu ditugu”, gaineratu dute ertzainek.
Ertzaintzak 02:36ean jaso du sutearen abisua eta sua 05:30ean itzaldi dute; sutea sortu den etxebizitzako gizonezkoa larriki zaurituta dago Gurutzetako ospitalean
Zaurituen artean sutea gertatu den etxebizitzako bizilaguna dago. 51 urteko gizonezkoa erredurekin eta kea arnastuta Gurutzetako ospitalera eraman dute. Gorputzaren %6 erre zaio eta bigarren mailako erredurak ditu. Batez ere, aurpegi, lepo eta sorbaldan ditu erredurak. Bere diagnostikoa erreserbatua da.
Eraikinean bizi diren beste sei bizilagun ere ospitalera eraman dituzte, tartean 2 urteko adin txikiko bat. Guztiak kea arnasteagatik eraman dituzte ospitalera. Goiza aurrera joan ahala, alta jasotzen hasi dira Mendaron hartatu dituzte bizilagunak.
Horrez gain, sutean laguntzen saiatu den ertzain bat ere zauritua izan da. “Kea arnastu du eta Ondarroako osasun etxera eraman dute”.
Kea handia zela nabamendu du Angela Molinak sutea gertatu den etxebizitzako bizilagunak. “Ke asko zegoen eta ezer gutxi ikusten zen. Ni lotan nengoen eta atea ireki dudanean dena sutan zegoen”.
Goizean aseguruko peritoa etorri da etxebizitzak dituen kalteak ikuskatzera.
Une oso gogorrak bizi izan dira bart Mutrikun. “Etxea sutan zegoela ikusi dudanean bizilagunei suhiltzaileei deitzeko oihu egin diet. Telefonoak ez zuen seinalerik ematen. Ezin nuen inora deitu. Dirudienez, bizilagunen batek eman du alarma abisua. Nire alabak ere deitu duela uste dut. Izan ere, alaba beharago bizi da”.
Sua sortu den etxebizitzak kanpotik duen itxura.
Molinaren senarra oso larri dago Gurutzetako ospitalean. “Oso larri dago. Ospitalera deitu eta larri dagoela esan didate. Lasaigarriak emanda eta intubatuta daukate. Momentuz, ez dagoela kontziente esan didate. Mendaroko ospitalean egon naiz goiz osoan. Nire alabak senarra zer moduz dagoen ikustera joan dira”, azaldu du erabat kezkatuta.
Mendaroko ospitaletik irten eta etxea zelan zegoen ikusteko aukera izan du Molinak.
Etxearen egoera zelan zegoen ikusi duenean erabat unkitu da Molina. Etxearen barrualdea kiskalita zegoela ikus zitekeen, hormak belztuta, sabaiko argiak dindilizka eta leiho batzuk apurtuta. “Dena erreta dago”, esan du erabat atsekabetuta etxean sartu denean. Malko artean irten du bere etxetik.
Sutea sortu den etxebizitza “erabat kiskalita” geratu dela esan du etxe jabeak; ospitaletik atera ostean ikusi du etxea eta marko artean irten da.
Sutea gertatu den gaineko etxebizitzan ere une latzak pasa dituzte. “Lotan geunden eta zarata entzun dugu. Irtetzeko esaten ziguten oihuak entzun ditugu. Sua zegoela esan beharrean, irtetzeko eskatzen zuten oihuak entzuten ziren. Ez dakigu nondik zetozen oihuak. Etxe sarrerako atea ireki dugu eta ke asko zegoela konturatu gara. Eskailerak kez beteta zeuden eta handik ezin zen irten”, azaldu du Ana Pagoaga bizilagunak.
Eskailerak kez beteta zeudela ikusi dutenean, lehenengo solairuko bizilagunek balkoitik irten dute. “Alboko eraikineko lehenengo solairuko balkoira joan gara, harrizko erlaitz gainetik joanda. Alboko eraikineko bizilagunei abisatu diegu. Nire gizonak umeak hartu ditu eta alboko balkoikoari pasatzen joan gara umeak. Gero, gu ere balkoitik pasa gara alboko eraikinera, eta handik irtetzea lortu dugu”.
Sutea sortu den etxebizitzaren gainean bizi diren bizilagunek balkoitik atera behar izan dute; etxe barruko eskailera kez beteta zegoen eta ezin ziren atera.
Bigarren eta hirugarren solairuko bizilagunek sutea egon den bitartean etxeetatik ezin izan dutela irten nabarmendu dute bizilagunetako batzuk. “Batzuk eskaileretatik irten dute. Hirugarren solairuko gizonak, esate baterako, seme txikia sehaskatik hartu, mantan batu eta eskaileretan behera irten du. Bere emazteak, aldiz, beste umearekin ezin izan du atzetik joan, kea gehiegizkoa zen. Harek balkoian egon behar izan dute”, zehaztu du Pagoagak.
Pagoagak berehala somatu ditu kea arnastearen ondorioak. “05:00ak inguruan Mendarora eraman gaituzte sei bat lagun. Eztula, burukomina eta ondoezik negoela nabaritu dut. Baserritarra naiz eta kea arnasten duzunean badakit zer pasatzen den. Anbulantziara hurbildu naiz ea oxigeno pixka bat ematen zidaten. Horrez gain, nire umeak nirekin egon dira eta ondo zeuden ikustera joan garenean, hoberena Mendarora joatea zela esan digute”.
Kea eraikin osoan zabaldu da eta beste hainbat etxebizitzetara ere sartu da. “Ez dira erre, baina beroaren eraginez, ateak-eta hondatuta ditugu”, argitu du Pagoagak.
Ke usaina nabaria zen eraikinaren kanpotik. Sutea gertatu den etxebizitzaren leihoak belztuta ikusten ziren Txurruka Tenienteak kaleko aldetik. San Migel kaleko parean, ordea, kalteak nabariagoak ziren. Leihoak apurtuta eta pertsianak guztiz erreta ikus zitezkeen. Sua San Migel kalerantz dagoen aldean hasi da. Izan ere, logelak hantxe daude.
Era berean, sutea gertatu den eraikineko beste etxebizitzetako leihoak irekita ikus zitezkeen, dena ondo aireztatu ahal izateko.
Alboko etxebizitzetako bizilagunek ere tentsio uneak bizi izan dituzte. 13. atariko batek semea eta haren familia osoa bizi ditu sutea gertatu den etxearen gainean. Eguerdian, oraindik ere, urduri eta “sustoa ezin pasata” zegoela azpimarratu du.
Kea beltz-beltza zela esan dute sutea gertatu den eraikinaren aurreko eraikinean bizi direnek; horrelakoetan ez dakitela zer dagoen sutan esan dute bizilagunek: “ez dakizu etxe osoa suta badago edo bakarrik logela bat”
Semea ere berarekin zegoen. “Sekulakoa izan da. Kriston kea ikusten zen, besterik ez. Zuk momentu horretan ez dakizu etxe dena sua hartuta dagoen edo gela bat bakarrik izan bada”.
Bestalde, alboko eraikinetako asko enteratu ere ez dira egin ezbeharraz. 15. atarian bizi den gizonezko bat goizean enteratu da, lagun batek telefonoz deitu dionean.
Lea-Artibai eta Mutrikuko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa dugu. Egin zaitez HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.