Narrazio laburren XX. lehiaketa abiarazi du Erroxape elkarteak
Beste urte batez, abian da Bermeoko Erroxape Emakumeen Elkarteak antolatzen duen Narrazio Laburren lehiaketa. Aurtengoa lehiaketaren hogeigarren aldia izango da, eta horretan parte hartu gura dutenek otsailaren 16ko 20:00ak baino lehen aurkeztu beharko...
Aurrekoetan legez, euskaraz zein gazteleraz idatzitako narrazioak aurkez daitezke; betiere, inoiz argitaratu bakoak, originalak eta inoiz ez sarituak badira. Narrazio laburren lehiaketa horretan, 18 urtetik gorako edozein gizon zein emakumek parte hartu ahalko dute.
Parte hartzaileek zenbait baldintza bete beharko dituzte narrazioak idazterako orduan. Hala, lanok orrialde bakarrean idatzita egon beharko dute, eta derrigorrez, tarte bikoitza erabili beharko dute egileek. Narrazioek, gainera, lau eta zortzi orrialde bitarteko luzera eduki beharko dute.
Hiru kopia
Lehiaketan parte hartu gura dutenek idatzitako lanen hiru kopia aurkeztu beharko dituztela azaldu dute. Kontakizuna, bestetik, izenburua eta egilearen ezizena daroan kartazal baten barruan aurkeztu beharko da. Kartazal horretan, gainera, lana bera ez ezik, egilearen datuak (izen-abizenak, helbidea eta telefono zenbakia) biltzen dituen beste kartazal bat sartu beharko ditu interesatuak.
Antolatzaileek jakinarazi dutenez, egile bakoitzaren lan bat bakarrik saritu ahalko du epaimahaiak, eta saria hutsik geratzea ere «posible» dela azaldu dute. Epaimahaiko kideak, gainera, ezin izango dira lehiaketara aurkeztu.
Euskarazko zein gaztelerazko modalitateetan, bi sari banatuko dituzte. Gainera, bi modalitateetan irabazleen eta finalisten azpitik sailkatzen diren bermeotarrek sari berezia edukiko dutela jakinarazi dute Erroxape Emakumeen elkartekoek.