
Patxi Juaristik idatzitako liburuaren azala.
36ko gerrako frontea Berriatuko lurretan egon zeneko berriatuarren bizipenak ikertu eta jaso ditu Patxi Juaristi soziologo, idazle, historialari eta EHUko irakasleak. Liburuaren asmoa gertatu zena berreraiki eta sufritu zuen herritarren oroimena bizirik gordetzea dela dio. Hiru urte egin ditu Berriatuko historia ikertzen eta aztertzen, eta joan den Durangoko azokan ikusi zuen argia bere lanak.
Gaur, berriz, liburua bertatik bertara ezagutzeko aukera izango dute berriatuarrek, idazleak berak,
19:00etan Zentrala Kultur gunean egingo duen
aurkezpenean.
Berriatua eta 1936ko gerra dira liburuaren ikergai nagusia, baina Berriatuko gertakizunak hobeto ulertzeko Berrezarkuntza garaia eta II. Errepublika ere ikertu ditu Juaristik. Liburuan, beraz, XIX. mendearen amaieratik gerra ostera arteko urteetan Berriatuan gertatu zirenak aztertzen dira, ikuspuntu sozial, politiko eta ekonomikotik.
Markinako liburua egiten zegoela, Markinako frontea hobeto ulertzeko, Berriatuko partean ere egin zituen elkarrizketa batzuk. Horren harira, 2011ko azaroan hitzaldi bat eman zuen Berriatuan, eta horretarako prestatzen ibili zen Juaristi. Ikertzen hasi eta historiak harrapatu zuen berriz soziologo markina-xemeindarra.
Historian sakontzeko, Berriatuko bizilagun asko elkarrizketatu ditu Patxi Juaristik. Gerra bizi izan zutenak, baina, batez ere gerra ezagutu zutenen seme-alabak. Berriatuko historian sakontzea gaitzago egin zaio. «Markina-Xemeinen adibidez artxiboa udaletxean dago, baina, Berriatuko udaletxeak 1956an sua hartu zuen, eta desagertu egin zen artxibo dena», azaldu du. Markinan garai horretan gerran parte hartu zuten guztien zerrenda ikusteko aukera izan zuen eta soldadutzara joan ziren guztiak aztertu zituen, baina, Berriatuan, ezin izan du hori egin. Garai hura bizi izan zuen jende asko hilda dago, gainera. «Gauzak kontatu dizkidatenen artean bakarrik bat dago bizirik, eta hamabost elkarrizketa inguru egin nituen».

1937an, Asterikako eskola parean (gaur egun elkartea) gudariak eta milizianoak. Argazkia: Berritxuarrak liburua
Garai hori gure historiaren zati garrantzitsu bat dela dio Juaristik. «Gaur eguneko Euskal Herria ulertzeko garai garrantzitsua. Hala ere, orain hasi da historia lokala aztertzen, orain arte inguru honetako ezer gutxi egon da eginda».
Berriatuko berezitasunen artean Eusko Jaurlaritzaren aginduz herria hustu egin behar izan zutela jakitera eman du idazleak. Horrek eta gehiago azalduko ditu gaurko aurkezpenean.