Karmen Ansorregi eta Lurdes Udabe, MUBAEko kideak
MUBAE (Mutrikuko Baserritarren Elkartea) taldea osatzen duten zortzi auzoetako ordezkari bi dira Karmen Ansorregi Egaña (Mutriku, 1955) eta Lourdes Udabe Osa (Itziar, 1958). Ansorregi Ibiri auzoko Ibiri baserrian bizi da, eta Udabe, aldiz, Olatz auzoko Etxerren. Baserritarren elkarteak martxan daraman denbora tartean «aurrerapauso handiak» eman direla diote. Hala eta guztiz ere, elkarte bezala ezagutzera ematea baino nahiago dute udalak euren nahiak aintzat hartzea edota erantzun bat ematea.
Noiz hasi zineten proiektu honekin?
Lourdes Udabe. 2013ko otsailean hasi ginen. Taldea sortu eta handik gutxira, Mutrikun dauden zortzi auzoetan bazkideak lortzen hasi ginen.
Zer dela-eta pentsatu zenuten elkartea sortzea?
Karmen Ansorregi. Hasierako proiektua udaletik jarri zen martxan, eta hari jarraitu genion.
Ze beharrizan betetzeko sortu zen taldea?
L.U. Eskabideak egiteko udaletxera banaka joan beharrean, talde bezala indar handiagoa izango genuela pentsatu genuen, eta horregatik sortu genuen taldea. Denok bat eginda gauzak lortzeko indar handiagoa daukagu. Banaka joanda, gauzak zailago suertatzen dira.
Zelakoa izan da elkartearen hasierako ibilbidea?
L.U. Hilean behin Astigarribia auzoko elkartean batzen hasi ginenzortzi auzoetako ordezkariak, baina irailaz geroztik, Galdonan egiten ditugu batzarrak.
Zer proposatu zenuten bertan?
L.U. Bertara gerturatu ziren bazkideei MUBAE elkarteak nola funtzionatzen duen azaldu genien. Horrez gain, bazkide sartu nahi zutenei bertako informazioa ere eman genien, beste gauza batzuen artean. Beste alde batetik, Galdonan baserriko aseguruen inguruko hitzaldi bat ere antolatu genuen beste batean, eta Eibarko Arrate bailarako baserritarren elkarteko kideetako bat ere euren gorabeherak kontatzera etorri zen.
Eta zein ideia eman zizuen?
K.A. Gure eta haien kasuak ez dira antzekoak. Egoera ezberdinean gaude.
Lurdes Udabe eta Karmen Ansorregi, MUBAEko kideak
Zeintzuk dira ezberdintasun horiek?
K.A. Mutrikuko baserritarron egoera eurena baino hobea dela esan ziguten.
Eta hori, zelan ba?
L.U. Auzo bideetako asko asfaltatu gabe dituzte, esaterako, eta guk, horiek, behintzat, asfaltatuta ditugu. Azpiegitura askori dagokienez, hobeto gaudela esan daiteke. Hala ere, Mutrikun mantenimendua falta da, eta baserrietara doazen bideetako asko apurtzen ari dira. Orain, hori litzateke gure eskaera handienetariko bat.
Eskaera guzti horiekin nora joaten zarete?
K.A. Momentuz, bazkide guztien izenean, udaletxera jotzen dugu. Baina beste nonbaitera joan beharra balego ere, joango ginateke.
Zuen kasuan, Ibiri eta Olatz auzoetan, zenbat baserri daude? Eta horietatik zenbat dira bazkideak?
K.A. Ibirin guztira hamazazpi baserri daude, eta horietatik hamahiru Mutrikuko Baserritarren Elkarteko bazkideak dira.
L.U. Denetara hamabost baserri daude, eta horietatik hamar daude Mutrikuko Baserritarren Elkartean.
Batzen zaretenean zer egiten duzue?
L.U. Auzoetako ordezkariok udal ordezkariekin batzen garen bakoitzean informazioa jasotzen dugu, eta ondoren, gure auzoetako bazkideekin batzen garenean, udaletxean kontatutakoa azaltzen diegu, zabal. Auzoetako batzarretan hori guztia azaldu ostean, auzotarren eskariak eta kezka guztiak jaso eta udaletxean aurkezten ditugu, beste batzar batean.
Zeintzuk dira zuek bizi zareten Olatz eta Ibiri auzoetako baserritarren kezkak?
K.A. Ibiri auzoan, momentu honetan, bideak konpontzea eskatzen dute auzotarrek. Auzoetara doazen herribideak konpontzeko beharra ikusten dugu bertan bizi garenok. Momentu honetan hori da beharrizan handiena, bai gurean eta bai beste auzoetan ere. Hala ere, azkenaldian auzo batzuetako bideak konpontzen hasita daude, eta hori pozgarria da. Hori bai, denak konpontzeko eskaerak egiten jarraituko dugu.
Eta zamar aldetik zelan moldatzen zarete?
K.A. Ondo-ondo ez. Gure auzoan bi edukiontzi besterik ez daude, eta horiek astean behin husten dituzte, eguenetan.
L.U. Olatzen, esate baterako, ez dugu gaika batzeko sistemarik. Astigarribian, ostera, gaika botatzeko sistema jarrita daukate. Auzotarren aldetik eskari hori ere jasota dugu.
Lurdes Udabe eta Karmen Ansorregi, MUBAEko kideak
Gaur egun Mutrikuko baserritarren egoera zelan dagoela esango zenukete?
K.A. Bertatik bizi diren oso gutxi daude, gehienek etxetik kanpo soldatapeko lana egiten baitute. Gaur egun oso gutxi dira bakarrik baserritik bizi direnak.
Eta zuen kasuan, baserrian lan egiten duzue?
K.A. Bai, biok. Gure senarrek etxetik kanpo lan egiten dute, eta guk, ostera, baserrian.
Zer lan egiten dituzue baserrian?
K.A. Ortuaz gain, etxean animaliak ditugu, eta sasoi batetik hona, gainera, gehiago ditugu. Zezenak, ardiak… hainbat animalia ditugu. Astean behin merkatu plazara jaisten naiz etxeko produktuak saltzera. Gure kasuan baratzeko ortuariek garrantzi handiagoa daukate animaliek baino; ganaduarekin alderatuta, gehiago ematen dute ortuariek. Baratzak denbora gutxiago eskatzen du. Animaliak bizidunak dira, eta egunero jaten eman eta zaindu egin behar dira, bai edo bai. Baratzean, ostera, egun batean gaixorik baldin bazaude eta ezin baduzu, ez da ezer pasatzen.
Baserriak lan handia ematen du.
L.U. Gu, ostera, animaliak kentzen joan gara, pixkanaka-pixkanaka. Animaliek denbora asko kentzen dizute, eta norberarentzako denbora pixka bat ere behar da. Orain zezenak ditugu bizirik saltzeko. Beste ganadutegi batzuei saltzeko. Zezenak kanpora saltzeko hazten ditugu. Ortuari dagokionez, etxerako beste egiten dut.
Emakume eta gizonezko baserritarren artean desberdintasunik ikusten duzue?
L.U. Orain gutxiago sumatzen da, baina oraindik ere ez gara parekidetasunera heldu, nire ustez.
K.A. Indar pixkat hartu dugu. Ez da lehen bezala, gizona feriara joaten zela eta emaztea etxean geratzen zela. Orain, gu ere joan egiten gara. Garai batetik hona baserritarren bizimodua asko aldatu da. Autoa eta gidabaimena edukitzeak sekulako askatasuna eman digu.