Osasun etxea hustu behar izan dute gas isuri baten ondorioz
Istripua seinale «desegoki» batengatik gertatu zela esan du udaleko zerbitzuetako zinegotziak. Espaloia leuntzen ari dira udaleko langileakBermeoko Tonpoi bidean gas isuria izan zen atzo. Zaharren udal egoitza aurreko espaloia egokitzeko Bermeoko Uda...
Istripua seinale «desegoki» batengatik gertatu zela esan du udaleko zerbitzuetako zinegotziak. Espaloia leuntzen ari dira udaleko langileak
Bermeoko Tonpoi bidean gas isuria izan zen atzo. Zaharren udal egoitza aurreko espaloia egokitzeko Bermeoko Udaleko langileak egiten ari diren lanen ondorioz gertatu zen istripua, hondeamakina bategaz gas hodi bat zulatu ostean.Badaezpada, Herri Babeseko boluntarioek kale berean dagoen osasun etxea hustu zuten. Bermeoko Udalak jakinarazi duenez, «badaezpadako neurria izan zen, 10 minutu baino ez ziren izan».
10:00etan gertatu zen gas isuria, eta suhiltzaileak eta gas kontuetan adituak diren hainbat tekniko joan ziren isuria gertatu zen gunera. Hala ere, berehala lortu zuten geratzea, normaltasunera bueltatuz.
Juan Karlos Agirre Bermeoko Udaleko Zerbitzu Saileko zinegotziak azaldutakoaren arabera, «isuria konpontzeko, gasa bi puntutan moztu behar izan zuten, langileak beharrean hasteko». Hala ere, gas zerbitzua ez zuten eten behar izan.
Atzoko istripua seinale «desegoki» batengatik gertatu zela azaldu du Agirrek: «Gasa jartzen denean, gas enpresek metalezko xafla batean jartzen dute zein sakoneratan dagoen hoditeria. Kasu honetan, hoditeria 80 zentimetrora dagoela jartzen du. Udaleko langileak, berriz, azalean ibili dira lanean, espaloia leuntzeko lanak egiten ari direlako. Hondeamakinagaz zebilen langileak ez zuen uste hodia horren arin aurkituko zuenik, 40 zentimetrora zegoen. Hortaz, seinaleak ez zeuden behar bezala jarrita».
13:30ak aldera amaitu zuten isuria konpontzeko lanak, gas kontuetan adituak diren teknikariek, eta udaleko langileek espaloia leuntzeko eta berritzeko lanekin jarraitu ahal izan zuten.
Irisgarritasuna bermatu aldera, lehenengo osasun etxe aurreko espaloia egokitu zuen Bermeoko Udalak. Orain, berriz, Sancti Spiritus zaharren udal egoitzaren zebrabidearen pareko espaloia egokitzeko lanak egiten dabiltza.