
Munitibarko San Bizente jaiak
Aurten ere, hutsik egin barik, San Bizente jaiak ospatuko dituzte Lea Ibarrako Aulesti eta Munitibar herrietan. Aulestin, Narea auzoan elkartuko dira sanbizenteak ospatzeko zapatuan; Munitibarko herritarrak, baina, barikuan hasiko dira festarako ospakizunekin.
Aurrekoetan legez, San Bizenteetako zaldi demak ez du hutsik egingo Narea auzoan. Hain zuzen, zapatu eguerdian gozatu ahalko da Perla eta Beltz zaldiaren arteko norgehiagoaz. Hori, baina, ez da eguneko ekintza bakarra izango; horregaz batera, meza, umeen jolasak, mus eta briska txapelketa eta erromeria egongo baitira aukeran.
Munitibarren, berriz, hiru egunetako egitaraua prestatu dute sanbizenteetarako: barikuan hasi eta domekara bitartekoa. Trikitilariek emango diete hasiera bihar jaiei, eta txokolate beroa jan ostean, antzerkiaz gozatu ahalko dute herriko plazan bildutakoek. Zapatuan, berriz, umeentzako Irria parkea jarriko dute goizean zehar, eta arratsaldean, zirku tailerrean parte hartu ahalko dute. Nagusiek, berriz, mus txapelketa jokatzeko aukera izango dute, eta, gau partean, gaztetxeak antolatutako musika emanaldian bilduko dira adin ezberdinetako herritarrak. Domekan, GOIENERen hitzaldia eta Izaki Gardenak taldearen kontzertua eskainiko dituzte Munitibarko sanbizenteetan.
Egitaraua, herriz herri
Munitibar
Urtarrilak 23, barikua.
– 19:00etan, trikitilariak eta txokolate beroa, herriko plazan.
– 20:00etan, antzerkia: 100m2 (Iñake Irastorza, Ana Elordi eta Ramon Agirre), udal arertoan.
Urtarrilak 24, zapatua.
– 11:30etik 13:30era, Irria Parkea, frontoian: umeentzako puzgarriak, tailerrak, jolasak…
– 17:00etatik 20:00etara, zirku tailerra, frontoian.
– 17:00etan, mus txapelketa. Izena ematea 16:00etatik aurrera udaletxean. Prezioa: 20 euro bikoteko. Sariak: hiru sari abantuko dira, eta lehenengoak txapela ere jasoko du.
– 20:00etatik aurrera, gaztetxeak antolatutako musika emanaldia.
Urtarrilak 25, domeka.
– 12:30ean, hitzaldia: Ezagutu ezazu gaur egungo eredu energetikoaren alternatiba, GOIENERen eskutik, udal aretoan.
– 19:30ean, Izaki Gardenak musika taldearen emanaldia, udal aretoan.
Aulesti (Narea)
Urtarrilak 24, zapatua.
– 12:00etan, meza. Ostean, umeen jolasak.
– 13:00etan, zaldi dema: Illunzar Tabernako Perla zaldia eta Aitor Alzaaren Beltz zaldia. Narea auzoko harri zaharragaz egingo dute 20 minutuko saio bana.
– 17:00etan, mus eta briska txapelketa. Mus txapelketako sariak: lehenenegoarentzat 200 euro; bigarrenarentzat 120 euro; hirugarrenarentzat 90 euro. Briska txapelketako sariak: lehenengoarentzat 180 euro; bigarrenarentzat 120 euro; hirugarrenarentzat 90 euro.
– 23:30ean, erromeria Mirari eta Aintzanegaz.