Olatu handiek aparteko kalterik ez dute eragin portuetan
Bermeo, Lekeitio, Mutriku eta Ondarroan neurriak hartu zituzten, segurtasuna bermatzeko. Segurtasun Sailak gaur goizera arte mantendu du abisuaZatar eta bizi egon zen itsasoa atzo; hala ere, aparteko kalterik ez zuen sortu denboraleak, ez Busturialdeko...
Bermeo, Lekeitio, Mutriku eta Ondarroan neurriak hartu zituzten, segurtasuna bermatzeko. Segurtasun Sailak gaur goizera arte mantendu du abisua
Zatar eta bizi egon zen itsasoa atzo; hala ere, aparteko kalterik ez zuen sortu denboraleak, ez Busturialdeko, ez Lea-Artibaiko ezta Mutrikuko portuetan ere. Hala ere, itsasoari begira egon ziren atzo, beste behin ere, kostaldeko herrietan. Olatu handiengatik, alerta laranja ezarri zuen Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak, eta gaur goizera arte eman zuen abisua (hain zuzen, 09:00ak arte).Alerta egoera aktibatzeko emandako arrazoien artean, bost metrora arteko olatuak espero zituztela, eta, marea biziak kontuan hartuta, olatuek bost metro baino gehiagoko altuera har zezaketela ohartarazi zuen Segurtasun Sailak.
Bermeon, esaterako, itsasotik portura sartzen ziren olatu handiek olatu-horma gainditu zuten zenbaitetan. Baina egoera hori, batez ere, goiz partean gertatu zen Busturialdeko herri horretan. Eta egunkari hau ixterako orduan, aparteko kalterik ez zuen sortu itsasoak.
Dena den, portu inguruetan babes neurri bereziak hartu zituzten kostako herri guztietan.
Arriskuak
Bermeon, kasurako, udaltzaingoak zaintza berezia egin zuen atzo, portuan. Horrez gain, istripuak saihesteko asmoz, olatu-hormarako sarbidea ere itxi egin zuten atzo goizean.
Neurri beretsuak hartu zituzten Lea-Artibaiko kostako herrietan, bai eta Mutrikun ere. Segurtasuna bermatze aldera, Ondarroako Arrigorri hondartza eta Mutrikuko Saturraran hondartza batzen dituen Arbide pasealekuko ateak itxi egin zituzten atzo goizean, eta herritarrei «arretaz» ibiltzeko eskaera egin zien. Bermeon ez bezala, gainera, herri horietan itsaso handiagoa izan zen arratsaldean goizean baino. Mutrikun, Burumendi harkaitzetara jaisteko eskailerak itxi egin behar izan zituzten, baita moila barrua ere. Gainera, marea bizien ondorioz, moilako igerileku naturalak bat egin zuen atzo itsasoagaz.
Deba ondoan dagoen Hondarbeltz hondartza ere itxi egin zuten atzo, olatu handiek sortzen zuten arriskuagatik.
Komunak itxita gaur ere
Segurtasun neurriak hartuta, Lekeition ere zenbait gune itxita mantendu zituzten atzo. Portu zuzendaritzak Tala ingurua itxi zuen, eta udalak, berriz, San Juan ingurua ixtea erabaki zuen. Era berean, plaza azpiko komunak ixteko erabakia ere hartu zuen atzo Lekeitioko Udalak, eta gaur ere itxita mantenduko dituztela jakinarazi dute udal arduradunek. Sortu litezkeen kalteen arabera erabakiko dute asteburuan zabalduko dituzten.