Bi urterako kontratua sinatu duzu Aspe Pelota enpresagaz, Nola hartu zenuen enpresaren eskaintza?
Komunikabideen bitartez irakurri eta entzun nuen Aspek niganako interesa zuela. Hala ere, enpresak urtarrilaren 8an deitu zidan niri, hurrengo astelehenean beraien bulegora joateko eskatuz. Astelehenean zer gertatuko zen ez nekien; kontratua sinatzeko ilusioa baneukan, baina ez nekien ziurtasun osoz zertara nihoan. Astelehenean bertan izan nuen, beraz, kontratuaren berri. Kontratua irakurri eta segituan sinatu nuen, askorik pentsatu barik; oso gustura eta poz handiz.
Bi urte horietan, zer eskainiko du Aitor Irustak?
Hasteko, aurpegi berri bat eskainiko dut, uste dut pilotaren munduan horretarako beharrizana ere badagoela eta. Bestetik, nire jokorik onena erakustea espero dut, eta, bide horretatik, goranzko joera izatea. Hartara, bi urteko kontratu hori luzatzeko.
Aitor Irusta Aspeko pilotari munitibartarra
Zein izango da zure helburua?
Lehenengo bi urte hauetan ahalik eta hoberen jokatzea, ahalik eta partidu gehien irabaztea eta ahalik eta gehien ikastea izango dira nire helburuak.
Lehenengoz pilotan aritu zineneko momentu hura gogoan daukazu?
Gogoan dut pilotan aritzerik nahi ez nueneko momentua. Eskolan eduki genuen izena emateko aukera, eta, azkenean ere, Jon Abadiak bultzatuta, pilotan hasi nintzen. Lehenengo pilotakadak 6 bat urtegaz jo nituen Munitibarren, eta, geroztik, ez dut etenik izan. 7-8 bat urtegaz Gernika-Lumoko Arkupe Taldean hasi nintzen, eta bertan atera nuen esku pilotako lehen lizentzia. Geroztik, talde horretan aritu izan naiz gaur
egun arte.
Inoiz amestu duzu profesionaletara salto egiteaz?
Entrenatzeko deitzen zaituztenean pizten zaizu profesionaletan jokatzeko ilusio hori. Norberak ere salto hori eman dezakela sinisten du orduan.
Pilotari on bat izateko zer behar da?
Egungo esku pilota estilorako, pilotariak oso indartsua eta altua izan behar du. Horregaz batera, pilotari asko ematen diona ere izan behar du. Horri guztiari teknika gehituta ateratzen dira pilotari onak.
Nolakoa da Aitor Irusta pilotaria?
Zaila da deskribatzea, baina pilotari jotzailea naizela esango nuke. Horrez gain, pilotari besagainetik ematen ere ondo moldatzen naizela uste dut.
Zeintzuk dira zure bertuteak?
Esku biekin ondo ematen diot pilotari, konfidantzaz. Airerako defentsan ere trebea naiz.
Eta ahuleziak?
Pilota hobeto eusten ikasi beharko nuke; partidak luzatzen jakin. Zentsu horretan, heldutasun puntura iritsi beharko nintzateke oraindik.
Urtarrilaren 25ean debutatuko duzu. Zelako sentsazioak dauzkazu?
Egia esateko, oraindik ez naiz horretan pentsatzen jarri. Eguneroko bizimoduagaz jarraitzen dut, lan fisikoa eta frontoia uztartuz. Baliteke, azken egunak ezberdinak izatea; asteburua, behintzat, seguru ezhoikoa izango dela, partidan pentsatzen egongo naiz eta. Ea egun horretan dena ondo ateratzen den, eta guztiok pozik geratzen garen.
Sakrifizio handiagoa eskatuko al dizu pilotak aurrerantzean?
Azkenengo urteetan gogor entrenatzen aritu naiz, txapelketa garrantzitsuenetara begira. Horietan pilotari onenak egoten dira, eta bertatik egiten dute profesionaletarako saltoa. Beraz, bai fisikoki eta frontoian bertan ere, maila gorenean egon beharra daukagu pilotariok. Profesionaletarako saltoa seguru igarriko dela, eta maila berean edo altuagoan entrenatzen jarraituko dut. Aurrerantzean aldatuko dena motibazioa izango da. Orain arte motibaturik egon banaiz ere, hemendik aurrera motibazio handiagoa edukiko dut.
Eta bizimodua aldatuko zaizu?
Nik uste dut ingurua edo bizimodua zertxobait aldatuko dela, baina espero dut nire izaera, behintzat, ez aldatzea. Hankak lurrean izaten ahaleginduko naiz beti; lagunei ere sarri askotan esana diet noizbait aldatzen hasten banaiz, kokoteko bat eman eta bide onera eramateko. Profesionaletara salto eginda, jendeak ezagutu egingo nauela uste dut; batzuk alde izango ditut, eta, beste batzuk, berriz, kontra.
Ba al duzu amestutako partidarik?
Askok esan didade gustatuko litzaiekela Irujo eta biok Olaizolaren eta Aretxabaletaren aurka jokatzen ikustea. Ez dakit partida hori jokatuko dudan, baina ilusio berezia egingo lidake haiekin jokatzeak.
Esku pilota praktikatzeaz bizi al daiteke?
Batzuek baino ezin dute horretatik bizi; beraz, nik profesional mailan dirauten bitartean, aprobetxatu egingo dut. Egia da, lagungarria ere izango zaidala, baina, bitartean, ikasten ere jarraituko dut. Etorkizunean beste edozein beharretan lan egiteko aukera eduki nahi dut.
MOTZ-MOTZEAN
- Pilotari bat. Irujo.
- Frontoi bat. Munitibarko frontoia.
- Partida bat. Diario Vascokokoa.
- Bikotean aritzeko pilotari bat. Aitzol Dorronsoro.
- Pilotako momentu on bat. Diario Vasco irabazi genuenekoa eta egungo profesionaletarako saltoarena.
- Pilotako momentu txar bat. 14 urtegaz orkatila apurtu nuenekoa.
- Partida aurretiko ohitura. Hamar bat minutuz korrika egitea, burua arrozteko.
- Esku pilota ez den beste kirol bat. Motoziklismoa.
- Pilota mota. Pilota pisutsuak eta behetik dabiltzanak.
- Debuteko emaitza. Emaitza ez dakit. Gustatuko litzaidake ahalik eta hoberen jokatzea eta irabaztea. Irabaziko ez bagenu, behintzat, ahalik eta tanto gehien lortzea.