Aktibatu + programa lantzeari ekin diote bertoko herrietako ikasleek
Eguneroko ekintza txikien bitartez, planetaren egoera hobetzeko baliabide bat da. Busturialdeko eta Lea-Artibaiko ikastetxeetara eta etxeetara iritsi da aurton.Abian da jada pertsonen ohiturak aldatzen laguntzea helburu duen Aktibatu + programa. Aurten...
Eguneroko ekintza txikien bitartez, planetaren egoera hobetzeko baliabide bat da. Busturialdeko eta Lea-Artibaiko ikastetxeetara eta etxeetara iritsi da aurton.
Eguneroko ekintza txikien bidez, planetaren egoera hobetzeko baliabide bat da Aktibatu + programa. Era berean, etxeko eta tokiko ekonomiaren mesedetan lan egiten duela diote. Global Action Plan-ek (GAP) sortutakoa da programa hori. Nazio Batuek babestu eta UNESCOk aintzat hartzen duen programa da, eta 1990. urtetik 23 herrialdeetan aplikatzen da. Aurten, bertoko herrietara iritsi da.
Busturialdeko eta Lea-Artibaiko ikasleak lanean ari dira jada. Busturialdean, energia gaia lantzen ari dira. Hala, ikastetxe bakoitzak bere elektrizitate kontsumoa ikuskatzeari ekin dio. Lea-Artibain, berriz, ikastetxeetako erosketa irizpideak eta horren ondorioz sortzen diren hondakinak sakontasunean aztertzen hasi dira.
Hiru hilabeteko programa
Doako programa da Aktibatu +, eta eguneroko jardueren ingurumen inpaktua gutxitzen ikasteko aukera ematen die familiei eta ikastetxeei. Programan parte hartu gura duten familiek gaurtik aurrera izango dute horretarako aukera. www.bizkaia21.net atarian eman ahalko dute izena. Parte hartzaileek programako eskuliburuaren eta galdera sorten bidez, etxeko gastuetan dirua aurreztea lortuko dutela diote, kontsumo ohiturak aldatuta. Gainera, parte hartzaile bakoitzak bere bilakaera aztertu ahalko du.
Programan izena eman ondoren, plataformak parte hartzaile bakoitzaren eguneroko ohituren iraunkortasuna ebaluatzen du, galdera erraz batzuen bitartez. Ondoren, horien ohiturek ingurunean duten eragin kaltegarria gutxitzeko zer egin dezaketen azalduko die.
Lau arlok osatzen dute Aktibatu +: ura, energia, erosketa-hondakinak eta mugikortasuna. Gai bakoitza lantzeko hiru aste behar dira. Beraz, programa hiru hilabetekoa izango da, izena ematen den egunetik aurrera.
Helburuak honakoak dira: parte hartzen duten ikastetxeetan energia kontsumoa %5 murriztea, etxeetan energia eta ur-kontsumoa %5 murriztea, hondakinen gaikako bilketarako edukiontzien erabilera %12 handitzea eta CO2 igorpenak %7 gutxitzea. Bestalde, programak familien aurrekontuak hobetzen laguntzen du; etxeko gastuetan %10erainoko aurrezpena lor daiteke, ingurumena eta bizi kalitatea hobetzeaz gain.
Programan izena ematen duten horiek, azaroan egingo duten zozketa batean parte hartuko dute.