«Lazunarrin egingo den obra egokia izatea nahi genuen»
Denbora luzez zain egon eta gero, hasi dira Lazunarri moila konpontzeko beharrak. Asteon sartu dira makinak Isuntzako hondartzara. Lanen atzerapenen arrazoiak argitu ditu Lekeitioko alkateak.Udaletik zelan bizi izan duzue Lazunarriko proiektua?Ardura h...
Denbora luzez zain egon eta gero, hasi dira Lazunarri moila konpontzeko beharrak. Asteon sartu dira makinak Isuntzako hondartzara. Lanen atzerapenen arrazoiak argitu ditu Lekeitioko alkateak.
Ardura handiagaz bizi izan dugu prozesua orokorrean. Egin nahi zuten obra ez zen guk Lekeitiorentzat nahi genuena, eta hori bideratu nahian ibili gara. Ez da batere erraza izan, presio handia egon da, alderdikeria… Hala ere, asko tematu gara, eta indar handia jarri dugu, uste dugulako proiektua ondo egitea garrantzitsua dela. Bai arrantzaleentzat, bai portuaren jarduera bermatzeko, bai eta herritarrentzat zein ondorengoentzat ere.
Zein izan da prozesua?
Udalean sartu ginenerako apurtuta zegoen malekoia, eta hasieratik hori konpontzearen beharrizana azaldu genien erakunde ezberdinei. Arrantzaleentzat eta herriarentzat lehentasunezko obra izanda, udalak hasieratik ikusi zuen konpontzeko beharrizana. Buelta asko eman ostean, lortu zen proiektua egiteko konpromisoa hartzea portuen zuzendaritzakoak. 2013ko abuztuan etorri ziren udalera Eusko Jaurlaritzako Portu Zuzendaritzakoak Lazunarri edo islako moila konpontzeko proiektua aurkeztera. Zoriontzekoa da Portuen Zuzendaritzak obra aurrera eramateko hartutako erabakia. Azken finean, Kosta Zuzendaritzari zegokion. Argi geneukan obrak ahal bait arinen burutu behar zirela, betiere egokia zen obra bat izanda. Malekoia dagoen lekuan egonda, ezin da edozer egin. Hondarra ez pasatzeko eta ibaia desbideratzeko ezinbestean interbentzioa egin behar da. Hori bai, guztia zementuz bete barik eta ondare izaera errespetatuta. Udalak kontsultatutako teknikariek argi utzi ziguten obra eraginkorra egin zitekeela gaur egungo malekoia errespetatuta. Modu horretan, por- tuaren eta arrantzaleen arazoa konponduko litzateke, eta, era berean, paisaia inpaktua ez zen hain handia izango. Azken batean, Lekeition urte askotatik dagoen eraikuntza bat da Villareal de Berrizek ondo asmatutakoa eta Uribarrenek egokitasunez aurrera eramandakoa. Portuen Zuzendaritzak aurkeztutako proiektuak sekulako inpaktu bisuala suposatuko luke, eta gaur egungo malekoia lurperatuko luke. Gure egitekoa izan da hori ekiditea, eta Lekeitiok zein herritarrok merezi dugun obra exijitzea.
Noiz izan zenuten berriz proi- ektuaren berri?
2013an obrak 2014ko udaberrian egingo zirela esan ziguten, tarte horretan zuzenean harremanetan jarri ginen behin baino gehiagotan prozesuaren berri izateko. Gu ez ginenez obra egingo zutenak, zain geunden lizentziaren eskaera noiz helduko konponketak ahal bait arinen hasteko. Eskaera ez zen heldu, eta prentsatik jakin genuen obrak udazkenera atzeratuko zirela. Bitartean, ekainean, Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak monumentu multzo bat osatzeko lehen pausoak eman zituen Lea ibaiko industri paisaiako elementuekin. Hor Lazunarri malekoia sartu behar zela ikusi genuen. Alegazio bat ipini genuen Lazunarri ere ondare multzo horretan sartzeko eskatuz.
Ondare izendapen horrek aldaketarik ekarriko luke Lazunarriko obran?
Bai, babesten zenaren arabera, hasieratik udalak proposatzen zuen bezala egin beharko litzateke proiektua. Hau da, ezingo zuten, nahi zuten moduan, zementuz estali malekoia. Hasierako proiektuan malekoiari sarkofago bat egin eta kofratzea pentsatu zuten, gainetik osorik estalita. Ondare izendapena ematen bazioten ezin izango litzateke hori egin. Ondarea babestu egin behar da, eta beste prozedura bat jarraitu beharko litzateke. Beraz, ondare sailekoei berehalako obra bat aurreikusita zegoela esan genien, eta, ondorioz, erabakiaren arabera Portu Zuzendaritzakoak proiektua egokitu beharko luketela. Momentu horretan bi departamentuak elkarlanean jarri balira, ziurrenik udazkenean hasi ahalko litzateke obra. Ez dugu ulertzen Jaurlaritzaren kudeaketa trakets hori; gainera, udalari errua botatzeko aurpegia izatea.
Obra gaitzagoa izango da?
Ezberdina. Kontua da, hasieran aurreikusi behar dela hori, eta ez behin proiektua lizitatuta daukazunean. Hori izan da arazoa. Edozein obra burutzeko hainbat pauso ematen dira: lehenengo lekua aztertu, azterketa arkeologikorik behar duen, ingurumena… Ondoren, guztia kontuan izanda proiektua egin eta egokitasuna bermatu. Ostean, beharrezko baimenak eskatu, eta bukatzeko, obra eskaintzea letorke. Kasu honetan, Jaurlaritzak alderantziz egin du. Proiektua hartu eta eskaini egin du, behar den modura aztertu barik eta aurrelanak egin barik. Udalak proposatutako azterketa arkeologikoa 2013an egin balu eta ez 2014ko udazkenean, ez litzateke guztia hainbeste atzeratuko, eta ez genuke hainbeste denbora eta ahalegin egin beharko prozesuaren egokitasuna bermatzeko. Eta, nola ez, arrantzaleak ez lukete hainbeste denboran zain egon beharko eta hainbeste arazo jasan beharko.
Zer gertatu da kamioiekin?
Lurralde izaera adierazi diguten arte eta Ondare Zentroak bere erabakia eman duen arte ezin zela baimenik eman. Kamioak pasatzeko obra berehalakoan egingo zela ziurtatu behar zen. Alde batetik, obra bera dago, eta bestetik, kamioiak pasatzeko baimena. Guk ezin dugu obrara joateko baimenik eman baldin eta obra bera ez bada egingo edo ez badago argi egingo den. Ondorioz, ez genuen baimenik eman ziur jakin arte obra bera egin ahalko zela berme guztiekin. Gainera, kamioiak pasatu ahal izateko zati batzuk apurtu egin behar ziren, eskailera batzuk kendu, esate baterako, eta obra egingo zela ziurtatu nahi genuen horretan hasi orduko. Prozedura betetzen egon gara momentu guztian. Gainera, kontuan eduki behar da diru publikoa erabiltzen daudela horretarako. Momentu guztian Eusko Jaurlaritzako bi departamentuen eskuetan egon da obraren hasiera.
Zein izan da azkenean Ondare Zentroaren erabakia?
Lazunarri zati bat mantentzea. Lekeitioko Udalak hasieratik esaten zuena kontuan hartu du, behintzat, malekoiaren zati baterako. Beraz, ze gertatuko litzateke obrak erabakia eduki aurretik hasi balira? Obra geratu beharko litzateke, eta proiektua egokitu. Gainera, eta larriena, Lekeitiok ondare zati bat galduko luke, bidean diru publikoaren xahuketa eginda.
Eta zelan egingo da obra, azkenean?
Malekoiaren zati bat babestea lortu dugu, eta beste zatia ez dakigu zehazki zelan joango den. Suposatzen dugu hasierako obran aurreikusten zeukaten kofratua egingo dutela. Ahal den neurrian, gaur egun daukan forma mantentzea eskatu dugu: paisaiaren ikuspegi fidelena mantentzea eta ingurumenean eragin gehiegi ez edukitzea, baina ez dakigu hori kontuan izango duten.
Oposizioak gogor kritikatu zaituzte.
Lekeitioko EAJren jarrera ez dugu inolaz ulertzen, beste gauza askoren artean esaten dutelako udalak ez dituela prozedurak ezagutzen, eta horren ondorioz atzeratu dela obra. Hori ez da egia. Hirigintzan behin eta berriro azaldu dugun kontu bat da, eta inoiz hirigintzan ez dute ezer esan, eta zerbait esan dutenean, gure ikuspegiagaz bat zetozela adierazi dute. Harritzekoa da prentsatik dena bideratzen joatea, eta zuzenean berba egin behar den lekuetan ezer ez esatea. Hauteskunde usaina dario guzti honi. Ikustea besterik ez dago nola baliatu nahi izan zuten, Jaurlaritzaren obraren aurkezpena EAJren bitartez eginda. Alderdikeria hutsa.
Moila zatika konpontzeak ez du bere egonkortasunaren gaineko zalantzarik sortuko?
Ez, lehentasuna arrantzaleentzat eta portuaren biziraupenerako baliagarria izango den obra aurrera eramatea da. Interbentzio txikiagoa egiteak eta ondarea babesteak ez du esan nahi malekoiak gutxiago iraungo duenik, obra egiteko modua aldatzen da. Teknikoki guztiz egingarria da. Posible da eraikuntza faraoniko bat egin barik malekoiaren helburua betetzea. Hori da hasieratik Lekeitioko Udalak proposatzen zuena.