Urtero modura, bertsolari txapelketa berezia antolatu zuen Markina-Xemeingo Gazte Asanbladak, eta bertsozalez bete zen gaztetxea. 100 lagun bildu ziren lehiaketa aurreko luntxean, eta atera arte jende egon zen ondorengo bertso saioan.
Olinpiadetako estadioa modura apaindu zuten gaztetxea, eta irekiera ekitaldia egin zuten hasteko. Olinpiadetako maskotak, Gaztetxemonek eta Akerbeltzek, sua piztu eta hasi ziren Olinpiadak. Herrialde bakoitzak bere parte-hartzaileak aurkeztu zituen, ohi bezela, estadioari buelta emanda, eta USA, Rusia eta Txina taldeetako bertsolariak atera ziren estadioaren erdira.
USA eta Txinako bertsolariak zestak eskuan dituztela. Argazkia: Josu Arrate
Bertsolariek egin beharreko ariketa denak izan zuten lotura kirolekin. Horrela, bertso maratoia egin zuten, maratoiak irauten duen denbora berean idatzizko bertso bat prestatuz, bizikleta gainean abestu zuten beste bertso bat eta igeriketa sinkronizatuan bi bertsolarik bertso bera abestu behar izan zuten aldi berean.
Esgrima, zesta-punta, plater tiroa, hezi lasterketa eta gimnastika artistikoa ere egin behar izan zituzten bertsolariek. Bai eta zaldiketa eta xakea ere. Azken horiek buruz buruko probak izan zituzten. Rusia eta USA ailegatu ziren bertara.
Ikusleek ere, Olinpiadekin bat egiteko, hau da, publikoaren parte hartzea bultzatzeko asmoz, xabalina jaurtiketa ere antolatu zuten. Bertsolariek ikusle bat aukeratu zuten publikotik eta folio orri bat emanda, paperezko hegazkin bat egin eta bota behar izan zuten.
USA eta Rusiako bertsolariak bizikleta gainean. Argazkia: Josu Arrate
Proba guztiak eginda Rusia izan zen garaile, eta bertako bertsolariak igo ziren podiumaren gorenera, amaierako sari banaketan. Urrezko, zilarrezko eta brontzezko dominak banatu zituzten parte hartzaileen artean gazte asanbladakoek. Horrela, urrezko dominak Rusia taldeko Eneko Arrate eta Lander Ibarluzea Aitxuluarentzat izan ziren, zilarrezkoak USA taldeko Nerea Ibarzabal eta Joseba Sololuzerentzat, eta brontzezkoak Txina taldeko Jokin Arbe eta Joseba Artzarentzat.
Bertsolariak podiumaren gainera igota. Argazkia: Maddi Ibaibarriaga
Saioa Graxi Arregik gidatu zuen, eta Naroa Loiola, Ander Txakartegi eta Jone Antsotegi, “Komite Internazionalak”, egin zituzten epaile lanak.
Oraindik ekimenaren balorazioa egin ez badute ere, izandako erantzun ona ikusita “pozik” agertu dira gazte asanbladako kideak. “Pozgarria da horrelako ekitaldi baten horrenbeste jende batzea”, esan dute. Bestalde, ekitaldia antolatzeko egindako talde lana ere azpimarratu dute. “Eskenatoki gainean batzuk eta beste horrenbeste edo gehiago daude atzeko partean soinua, gidoia, teloia eta gehiago antolatzen. Jende asko batu gara lanean ekitaldia aurrera ateratzeko”, azaldu dute.
Lea-Artibai eta Mutrikuko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa dugu. Egin zaitez HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.