20,7 milioi euroko aurrekontua onartu du udalak, iaz baino %5 handiagoa
«Herritarren beharrizanei erantzuteko, bizi kalitatea hobetzeko eta etorkizun oparoa lortzeko» aurrekontua dela dio alkateak, «zuhurtziaz eta erantzukizunez» egindakoaBermeoko Udalak 2015erako aurrekontua onartu du. Hain zuzen ere, 20,7 milioi euro...
«Herritarren beharrizanei erantzuteko, bizi kalitatea hobetzeko eta etorkizun oparoa lortzeko» aurrekontua dela dio alkateak, «zuhurtziaz eta erantzukizunez» egindakoa
Bermeoko Udalak 2015erako aurrekontua onartu du. Hain zuzen ere, 20,7 milioi euro izango ditu udalak «Bermeo eta bermeotarren beharrizanei erantzuna emateko, bizi kalitatea hobetzeko eta etorkizun oparoa lortzeko». Aurtengo aurrekontua iazkoa baino %5 handiagoa dela azaldu du Bermeoko alkate Idurre Bidegurenek. Bilduren aldeko eta Eusko Alderdi Jeltzalearen (EAJ) aurkako botoekin onartu dute osoko bilkuran aurtengo aurrekontua.«Ilusioz» egindako aurrekontua dela esan du Bermeoko alkateak, «konpromisoz betea», gainera. Era berean, «erantzukizunagaz eta zuhurtziagaz» lan- dutakoak ere badirela aipatu du. Udalaren aurrekontuaz gain, Gizarte Ongizate Patronatuaren, Kirol Patronatuaren eta Berualaren aurrekontuak ere aurkeztu dituzte.
Alde Zaharra biziberritzea
Berualak 563.329,13 euroko aurrekontua izango du 2015ean, udalaren ekarpena 500.000 eurokoa izango delarik. Helburu nagusia Alde Zaharraren biziberritzea izango da, eta horretarako, jarduera ekonomikoak sustatzeko ekintza plan bat egitea aurreikusi dute. Bestalde, martxan dituzten promozioak amaitzeaz gain, edertze planean agertzen diren ekimenak lantzen jarraituko dutela azaldu du alkateak.
Kirol Patronatuak, beste alde batetik, 1,2 milioi euroko aurrekontua dauka. Udalak 583.000 euro bideratuko ditu funtzionamendurako eta 20.000 euro inbertsioetarako. Izan ere, material kardiobaskularra berrituko dute 2015ean, eta jendarte aktiboagoa lortzeko Mugitu Bermeo programa lantzeko asmoa agertu dute.
Gizarte Ongizaterako Udal Patronatuak 4,8 milioi euroko aurrekontua dauka, eta udalaren ekarpena 1,9 milioikoa izango da. Aurrekontuaren %25 gizarte zerbitzuetara bideratzen dela azaldu dute, eta gizarte politikan hirugarren adinak duen «pisu handia» nabarmendu. Aurten, gainera, Berdintasun plan berria diseinatzeko asmoa daukate.
Soziekonomikoki indartu
Hala, Bermeoko Udalaren aurrekontua 17,1 milioi eurokoa da. Bidegurenek aipatu duenez, aurrekontuen ardatz nagusienetako bat Bermeo soziekonomikoki indartzea da. Haren hitzetan «eskualdean kalitatezko lana sortzeko proiektu estrategikoen parte izaten eta enplegu planetan liderrak izaten jarraituko dugu, bertoko ekoizleak bultzatzeko ekimenak abiaraziko ditugu, teknologia berrien bidez eskaintza turistikoa bultzatu gura da, eta gazteen gaitasunak hobetzeko programak abiatuko dira». Bestalde, 2015eko aurrekontuetan Lanbide Hastapenaren aldeko apustua egiten dutela jakinarazi du.
Udalarentzat, gainera, itsas ondarea «garrantzitsua» dela eta, horiek sustatzeko jarduerak egingo dituztela aipatu du, Aita Guria eta Ortube ontziak mantentzearen garrantzia aipatuta.
Beste helburu bat ere badu Bermeoko Udalak 2015erako: herria erakargarriagoa izateko eraldaketak egitea. Hori lortzeko bidean, honakoak egitea aurreikusi dute: gune beltzetan interbentzioak egitea, edertze planaren exekuzioa, kale garbiketa indartzea, argindarren hobekun- tza, bide publiko eta hiri altzarietan inbertsioak, auzoen komunikazioa hobetu… Era berean, animalien zaintzarako kanpaina bat abiaraziko dutela azaldu du Bidegurenek.
Aurten, gainera, herrian umeentzako aterpe gune bat eta aldizkako aparkaleku bat egiteko finantzaketa bilatuko dute. Sutearen ondorioz kaltetutako udaletxeko lehenengo aldiko lanak ere martxan hasiko dira epe laburrean, eta bigarren zatia egiteko finantzaketa bilatu beharko dutela aipatu dute.
«Lurren kudeaketan egin beharreko ahaleginak egingo ditugu, Aritzatxun, Txibitxagan edota saihesbiderako». Bestalde, institutuaren inguruan hobekuntzak egitea, udaltzaingoaren bulegoa indartzea eta Gaztelugatxeko San Juango proiektuaren jarraipena egitea ere aurreikusi dute.
Kulturak ere zati garrantzitsu bat dauka aurrekontuetan. Hala, utzita egon den artxibo zerbitzua indartuko dute, eta zinemaren digitalizazioaren aldeko apustua ere egingo dute.
Komunikazioaren eta parte hartzearen aldeko apustua ere egiten jarraituko dute alkatearen arabera: «Gardentasunaren udal erreferenteen artean egotea da helburua».
«Konpromiso falta»
Bermeoko EAJ, berriz, ez dator bat aurrekontuekin, eta haien aurka bozkatuko du: «Herriaren eta bermeotarrenganako konpromiso falta ikaragarria agertzen dute kontuetan».
Zuhurtzia ondo dagoela aipatu du EAJk, baina Bilduk aurreko urteetan izandako jarreren «guztiz kontrakoak» erabiltzea kritikatu dute: «2012ko aurrekontuan, milioi bat eurotan saltzea aurreikusten zuten udalaren jabetzakoa zen lokal bat, kontuak orekatzeko asmoz; urte berean, 114.000 euro aurreikusten zituzten babespe pribatuetatik, eta 400 euro baino ez ziren jaso. Orduan, EAJ izan zen zuhurtziazko jarrera eskatu zuena. Aurten, baina, zuhurtasunezko erabaki modura, aurrekontuetan ez dute islatu udal azokako aparkalekuen salmentari dagozkien diru sarrerak, eta lau salduta daude jada. Zer aldatu da?».
Zalantzazko diru sarrerak ere badaude EAJren arabera, IBIn, esaterako: «Iazkoagaz alderatuta, %7,8ko igoera aurreikusten dute, eta iaz, berriz, aurreikusi zutena baino 24.000 euro gutxiago bildu ziren». Gastuetan ere «hutsuneak» nabaritu dituzte: «Gizarte ekintzen partida ez da handitu, Gurutze Gorriari laguntza murriztu egin da, 0-3 urte bitarteko umeen eskolaratzeko laguntzek desagertuta jarraitzen dute, ludotekarako iazko murrizketa berak daude…». EAJren ustez, «kritikagarria» da baita ere, Ortube ontzira 50.000 euro bideratzea. «Lehenik eta behin, zer egiteko asmoa daukaten zehaztu beharko lukete. Helburu jakin barik mantentzen jarraitzeko, Aita Guria zein Ortube ontziek ikaragarrizko gastua eragiten dute».
Bestalde, saihesbidearen eta herriaren arteko lotura izango den kalea eraikitzeko proiektura «euro bakar bat ez konprometitzea» ere «deigarria» dela diote: «Bilduren borondote falta agerian uzten du horrek».
Bilduk aurrekontuetan aurreikusi dituen inbertsioetan, berriz, «zehaztasun falta» kritikatu du EAJk: «Aurrekontua irakurtzen duten herritarrek ezingo dute jakin Bilduk 2015erako Bermeoren etorkizuna hobetzeko planteatzen dituen erronkak eta proiektuak, ez baitira agertzen».