Kilometroak batu eta aurrera egin, elkarrekin
Astra eraikina «denona» izatea gura du Astra Koordinadorak, eta 3Km-an parte hartzea handituz joan den arren, parte hartze hori sendotu gura dute. Astra sentimenduz eta izaeraz betetzeko unea dela diote.Erabili ez ezik, erabakiguneetan ere parte hart...
Astra eraikina «denona» izatea gura du Astra Koordinadorak, eta 3Km-an parte hartzea handituz joan den arren, parte hartze hori sendotu gura dute. Astra sentimenduz eta izaeraz betetzeko unea dela diote.
Erabili ez ezik, erabakiguneetan ere parte hartzea litzatekeelako egokiena, parte hartze hori handitzea izan da, besteak beste, Astra Koordinadorak bultzatutako 3Km-aren helburuetako bat. Eta bete egin dute. 2014ko urte hasieran eman zioten hasiera parte hartze prozesuaren 3Km-ari, eta 2015eko urtarrilaren 3an egin zuten asanbladaren emaitzagaz ere pozik dira Astra Koordinadorako kideak. Guztira, 45 lagun batu ziren azken asanblada horretan, jende kopurua handituz. «Asanblada guztietan, gutxi gorabehera, 30-50 lagun inguru batu izan gara. Hala ere, azken deialdietan jende berria ere batu izan da», azaldu dute koordinadorako kideek.Diotenez, azken batzarretan gazteak izan dira gehiengoa: «Gazteen atxikimendua gero eta handiagoa da, eta hori garrantzitsua dela uste dugu. Gainera, aipatu beharra dago, asanbladetara etorri diren herriko elkarteen eta Astra erabiltzen duten elkarteen parte hartzea ere handiagoa izan dela azken eztabaidetan eta asanbladetan».
Oinarri filosofikoak berraztertzea eta indartzea ere bazen 3Km-aren beste helburuetako bat, Astraren sorreran zehaztu zituzten oinarri horiek berrikusteko beharra zuten, eta horiek mantentzea garrantzitsua dela ondorioztatu dute.
Hala ere, antolakuntza eta autogestioa bideratzeko, hausnarketa sakona egin behar izan dute, erabilpenean eta funtzionamenduan harremanak sendotzeko.
Edikuekin bete
«Erabilpenaren eta izaeraren sentimendua areagotu eta indartu egin behar dugu», esan dute koordinadorako kideek. Hori dela eta, 3Km-aren planteamendua honako hau izan da: «Zu barik ez dago gauzatzerik». Astrak berak, eraikin legez, bere lekua eginda dauka Gernika-Lumon. «Orain, edukiekin eta parte hartzeagaz bete egin behar da; izaeraz eta sentimenduz».
Aurrera begira, beraz, 3Km-an zehaztu dituzten eginbeharrak betetzeari ekingo diote. «Bigarren solairuaren erabilerari buruz hausnartu eta eztabaidatu dugu, eta adostutakoa martxan jartzeko ordua da. Gazteek espazioa behar dute, eta haiek izango dira solairu hori atontzen hasiko direnak». Herriko zenbait elkartek ere lekuaren premia adierazi dute, eta, etorkizun batean, bigarren solairu horretan lekua edukitzea da helburua.
Auzolanak indartzearen garrantziaz ere jabetu dira Astra Koordinadorako kideak. «Gabonak bueltako azken auzolanean 40 lagun inguru batu ziren, eta, urtean pare bat gutxienez gin beharko litzateke. Autogestioa, erabilpena eta elkarbizitza indartzen lagun dezakete auzolanek». Izan ere, Astra denen lekua dela aipatu dute koordinadorakoek: «Denon artean apaindu behar dugu».
Adostutakoari heldu
3Km-an egindako asanbladetan adostutakoari helduko diote orain. Beraz, ezin esan 3Km-a bera amaituta dagoenik. «Hitz egindakoa martxan jarriko dugu orain; eta, urtaro bakoitzean asanblada bat egingo dugu, sasoi bakoitzeko beharrizanak eztabaidatzeko eta egunerokotasunean gertatzen direnak lantzeko. Autogestioa eta partaidetza bultzatu gura dugu; jende ezberdina batu, beste gauza batzuk sortzen joateko».